NAIZ

Bizitza efimeroa dela ospatu dute Alkizan, Koldobika Jauregiren omenez

Ekainean, bat batean eta gazte, hil zen Koldobika Jauregi eskultorea omendu dute larunbat eguerdian Alkizan, ‘Bizitza efimeroa’ lelopean. Arte performance baten ondoren, bizitza ospatzeko bazkari batean elkartu dira herritarrak eta artistaren lagunak. 

Koldobika Jauregi eskultorea joan den ekainean hil zen, 64 urte zituela, bihotzekoak jota. Sortzez Alkizakoa, Euskal Herrian eta nazioartean sona handiko artista zen; gizon maitatua ere, zalantzarik gabe.

Berak utzitako hutsunea handia da gure kulturan, eta baita bere sorterrian ere. Alkizako Udalak, herriko hainbat eragilerekin eta Jauregik berak sortu zuen Ur Mara museoarekin batera, hainbat ekitaldi antolatu ditu bere omenez urriaren hasiera honetan.

Larunbat eguerdian izan da ekitaldi nagusia, herriko plazan egin den performance handi baten bidez. Omenaldia xumea eta goxoa izan da; musika, arte plastikoa eta natura uztartuta. Kulturgileak, artistaren lagunak eta herritarrak gerturatu dira Gipuzkoako herri honetara.

Koldobika Jauregiren omenezko ekitaldiaren irudi bat. (Gotzon ARANBURU / FOKU)

«Haizeak bere oroimena zirimolatu du Alkizara bildutakoentzat. Bizitza xamurtasunez zizelkatzen jakin zuen eskultorea», idatzi du sare sozialetan Joxemari Carrere ipuin kontalariak eta NAIZeko kolaboratzaileak.

Ekitaldiaren ondoren, bazkari herritarra egin dute, bizitza bera ospatzeko.

Irailaren hasieran, Euskahaldunak eskultoreen elkarteko kideak deituta, hogeita hamar artista inguruk hartu zuten parte eskaini zitzaion omenaldian, basoan obra bat jarriz.