Ertzaintzak prostituzioan aritzera behartzen zituzten lau emakume askatu ditu Donostian eta Gasteizen eta hiru pertsona atxilotu ditu, sexu-esplotaziorako gizakien salerosketako delitu bat egotzita.
Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Atal Nagusiek egindako ikerketa apirilean hasi zen, biktima batzuek pisuetan edo jai pribatuetara hitzartutako irteeretan prostituzioan aritzera behartzen zituztela salatu ondoren. Biktimek salatu zutenez, desegindako taldeko arduradunek dokumentazioa eta zerbitzuetatik lortzen zuten dirua atxikitzen zieten, eta irteerak mugatzen zizkieten, egunean gehienez bi ordura, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Operazioan hiru pertsona atxilotu dituzte, ustez sare horretan parte hartzeagatik. Gizon bat atzeman dute Errenterian, eta beste bi emakume Donostian eta Gasteizen. Era berean, bost sarrera eta miaketa egin dituzte Arabako hiriburuko bi etxebizitzatan eta ile-apaindegi batean eta Gipuzkoako hiriburuko beste etxebizitza batean eta lonja batean. Bertan, hainbat dokumentu, ordenagailu batzuk, datafonoak, dirua eta droga kopuru txiki bat aurkitu dituzte.
Lau emakume, hainbat nazionalitatetakoak eta talde horren biktima zirenak, askatu dituzte Donostiako eta Gasteizko etxebizitzetan egindako miaketen ondoren. Askatu ondoren, Emakunderekin itundutako GKE-ek artatu dituzte, sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimei arreta emateko duen protokoloaren barruan.
Atxilotuak Ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko polizia eginbideak egiteko, eta amaitutakoan epailearen esku utziko dituzte.