Shahla Yasini eta Mona Seraji, Irango lehen surflarien istorio eredugarria

Easkey Britton irlandarrak surf ikastaroa eman zuen 2013an Iranen. Ikasleen artean ziren Shahla Yasini itsaspekaria eta Mona Seraji snowboarderra. Bi emakumeek surf egiten jarraitu zuten, eta herrialdeko Gobernuaren babesarekin, surf elkarte bat sortu zuten.

Shahla Yasini irandarra, surf taularekin.
Shahla Yasini irandarra, surf taularekin. (SURFERTODAY.COM)

Iranen izan zen 2010. urtean Easky Britton surflari irlandarra eta surf egiteko leku eder bat topatu zuen Ramin izeneko herri txiki batean. Handik  hiru urtera leku berera itzuli zen bertakoei surf egiten irakasteko helburuarekin. Ikasleen artean zeuden Shahla Yasini itsaspekari profesionala eta Mona Seraji, Irango lehen snowboard irakaslea. Britton etxera itzuli zen, baina ereindako hazia fruituak ematen hasi zen.

Urte gutxiren buruan, surflari kopurua hazi egin zen Yasini eta Serajiren lanari esker. Surf elkarte bat sortu zuten eta pixkanaka surflari kopurua handitzen joan zen. Gero eta gehiago dira Irango hiriburu Teherandik kostaldera surf egitera abiatzen diren gazteak.

Bidean izandako trabak nola gainditu zituzten erakusten duten zenbait film eta erreportaje argitaratu dira azken urteetan, eta surflariek kostako herrien babesa jaso dute. Ondorioz, surfa sustatzeko baliabideak eskaini behar izan ditu Irango Gobernuak, betiere lege islamiarraren arauen barruan.

Surfa eremu zailetan Munduko leku askotan herritarrek ez dute eskuragarri surfa, eta, hain zuzen, horri aurre egiteko sortu zuen Easkey Britton surflari irlandarrak Waves of Freedon elkartea 2013an. Hiru urte lehenago Iranen izan zen irlandarra, eta elkartea sortu ostean, surf egiteko aukerak eskaintzen zituen Irango kostaldera itzuli zen.

Surf ikastaro bat eman zuen Ramin izeneko herri txiki batean berak eramandako materialarekin. Shahla Yasini eta Mona Seraji izan ziren surf egiten ikasteko helburua serio hartu zutenak, baina haur batzuk ere batu zitzaizkien.

Brittonek Iran utzi zuen munduko beste herrialde batzuetara surfa eramaten jarraitzeko, eta lekukoa Yasinik eta Serajik hartu zuten. Surf egiten jarraitu zuten eta Irango lehen surf elkartea sortu zuten. Bi emakume hauek ez ziren izan soilik Irango lehen bi surflariak; aitzindariak izan ziren beste gauza askotan ere, emakume izanda zailtasun gehiago izan arren, Irango Gobernuaren babesa lortu baitzuten.

Irango arauak

Lege islamiarra indarrean den herrialdeetan emakumeak beren gorputza estaltzera behartuta daude, baita ilea ere. Horretarako hijab izeneko estalkia eramaten dute buruan. Yasinik eta Serajik ere arau horiek  errespetatu behar zituzten surf egiteko; beraz, ur jantziak egokitu behar izan zituzten olatu gainean aritzeko.

Giulia Frigeri argazkilari italiarrak, 2023an, Brittonek Iranera egin zuen bidaia erakusten duen ‘Into the Sea’ dokumentala ikusi zuen, eta Iranera abiatu zen surflariei argazkiak egitera. Yasini eta Serajirekin harreman estua egin zuen; hainbatetan bidaiatu zuen bertara eta Raminen surfak izan zuen bilakaeraren lekuko izan zen. Bere argazkiak, 2022an argitaratutako ‘The Surf Atlas’ liburuan ikus daitezke.

Irango surflariak, itsasertzean. (SURFERTODAY.COM)

Frigeriren argazkietan ikus daitekeen gauzetako bat da nola emakumeak pixkanaka ur jantziak egokitzen joan ziren, lege islamiarrak dioen bezala gorputz osoa estalita surf egin arren, ahalik eta modu erosoenean aritzeko. Alabaina, Raminera egin zuen azken bisitan Gobernuak debeku bat ezarri zion: aurrerantzean ezin zien argazkirik atera gizon eta emakumeei elkarrekin surf egiten.

Surfa sustatzea eta aldi berean debekuak ezartzea ulertzen ez zuen argazkilariari bertakoek azaldu ziotenez, Irango Gobernua gustura zegoen emakumeek mundu guztiari erakutsi ziotelako surf egin daitekeela lege islamiarrak agintzen duen moduan, alegia, goitik behera estalita.

Kontuan hartu behar da lege islamiarra zorrotz aplikatzen duen arren, Iranek mundu osotik bertaratzen diren bisitariak jasotzen dituela. Adibidez, milaka snowboard zale, eskiatzaile eta eskalatzaile jasotzen ditu, munduko herrialde menditsuenetako bat baita. Horrez gain, Unesco erakundeak munduko ondare izendatutako 28 leku kultural bisitatzera ere milaka turista bertaratzen dira. Ondorioz, Irango Gobernuak etengabe egokitu behar ditu arauak, bere herritarren eta turisten betebeharrak bereizteko.

Aitzitik, lege islamiarra ez dute soilik Irango emakumeek bete behar, islamarekin bat egiten duten eta mundu osoan hedatuak diren emakume guztiek estali behar dituzte beren  gorputzeko ia atal guztiak. Gauzak horrela, Ingalaterran surfak indar handiena duen Kornualles eskualdean, SeSuit izeneko ur jantzi berezi bat diseinatu zuen Finisterre enpresak, mundu osoko emakumeek surf egin ahal izateko «haien sinesmen erlijioso, sozial eta kulturalak gordez».

Kostalde ezezaguna

Alde batetik, Irango kostaldea kokatu dagoen eremuan itsaskiak txikiak direla pentsa dezakegulako eta, bestetik, Mendebaldeko surflarioi kulturalki hain arrotza zaigun eremu bat delako, Irango kostaldea ez da surflarientzat ohiko helmuga, baina inguru haietara gerturatu den surflari kopurua nabarmen hazi da azken urteetan. Paradoxikoki, arrazoi horiengatik bilakatu da surf egitera joateko helmuga berri bat Omango golkoa, kulturalki exotikoa eta oso desberdina delako eta, batez ere, bakarrik surf egiteko aukera eskaintzen duelako.

Irango surflariak, olatua hartzen. (SURFERTODAY.COM)

Indiako Ozeanoarekin batzen da Omango golkoa, Arabiako itsasoan. Ez da itsasoari irekia dagoen eremua; alderantziz, lurrez inguratua dago, herrialde desberdinetako kostaldeek babestuta baina, hala ere, olatuak daude.

Irango kostaldetik Pakistango kostalderaino basamortua da nagusi. Oso jende gutxi bizi da kostaldeko herri txikietan. Beraz, lasai surf egiteko aukera dago; batez ere, uztailean eta abuztuan, hego-mendebaldeko montzoi-haizeek metro bat eta bi metro arteko olatuak altxatzen baitituzte. Tamaina handiagoko olatuak izaten dira, eskualdean izaten diren ekaitz tropikalek sortzen dituztenean.

Hasiberrientzat eta maila ertaineko surflarientzat helmuga egokia izan daiteke, gehienetan olatuak txikiak izan arren, ia egunero surf egiteko aukera baitago; izan ere, itsaskien maiztasuna oso egonkorra da.