Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘Truenu’, Iker eta Eneko Pou anaien bide gogor berria Peña Santan

Mendiaren hegoaldeko horman zabaldutako 600 metroko (hamabi luze) proposamenak bi zati ezberdin ditu. Bigarrenean, adibidez, marraren giltza dago, eta gasteiztarrek diote 9a edo 9a+ mailakoa izan daitekeela.

Europako Mendiak etxetik gertu dituzte Iker eta Pou anaiek. Eta lasai asko esan dezakegu mendi horietan dauden hormatzarrak «aterpe» dituztela.

Erabat harrapatuta egoteaz gain, gasteiztarrek ekarpenak egin dituzte murru luze ezberdinetan. Picu Urriellun, adibidez, sona handia duen ‘Orbayu’ (8c, 500 m) sortu eta lehen igoera egin zuten. Eta haitz enblematiko horretatik irten gabe, hainbat     ibilbideri puntu gorria (lehen aldiz era askean igo) jarri diete: ‘Zunbeltz’, ‘Marejada Fuerza 6’…

Picu Urriellutik gertu, Peña Santan, duela lau urte Kiko Cerdarekin ‘Rayu’ (8c, 600 m) ireki eta lehen aldiz eskalatu zuten. Bada, ibilbide horren ondoan, euskal eskalatzaileok beste ekarpen gogor bat egin berri dute. ‘Truenu’ du izena. Ondokoak bezala 600 metro ditu, baina, antza denez, zailagoa da. Izan ere, Poutarrek diote luze zailena 9a edo 9a+ izan daitekeela. Aurreko bide guztietan ez bezala, oraindik ez dute lehen igoera egin. Hortaz, estimazio bat da.

Bi zati

Peña Santako bide berriaren aurkezpen orokorra egin eta gero, sokada honek azalpen gehiago eman nahi izan ditu. Adibidez, ‘Truenu’-k bi zati ezberdin dituela: «Lehen sekzioak 300 metro eta bost luze ditu. Uste dugu gehienez 7b+/c eskalatu behar dela, baina kontuan hartu behar da parabolt gutxi eta balizko eroriko arriskutsuak dituela».

Bigarrenak, aldiz, zazpi luze ditu (beste 300 metro) eta zailtasun tekniko gogorrenak gainditu behar dira: «Eroria duen tarte bat da, eta onartu behar dugu oso zaila dela. Kosta egin zitzaigun aurrera egitea, eta bidearen giltza hor kokatuta dago: bederatzigarren mailakoa da. Zati honetan ere, parabolt gutxi daude eta norberak bere burua babestu behar du».

Bestalde, Pou anaiek onartu dute lan eskerga egin behar izan dutela ‘Truenu’ zabaltzeko. Diote egun batzuetan hamabost ordu buru belarri egon zirela proposamen horretan. Horiek guztiak dira Peña Santako bide berriaren datu esanguratsuenak. Gogorra eta zailtasunean erreferentea bihurtuko dela inork ez du zalantzan jartzen. Baina arestian aipatu dugunez, oraindik ‘Truenu’-ren lehen igoera egitea falta zaie.