NAIZ

Elhuyarrek hitz-jolas bat jarri du martxan hiztegiaren atarian, egunean bost galderarekin

Hitz-jolas bat txertatu du Elhuyarrek bere hiztegiaren atarian. Azkar eta erraz, bost galdera berri erantzun ahal izanen dira egunero, askotarikoak. Hizkuntza-mailaren inguruko kezka aintzat hartuta, erabiltzaileei euskarazko idazkera errepasatzeko eta hobetzeko aukera ematea da ekimenaren helburua.

Elhuyarrek hitz-jolas bat sortu du bere hiztegiaren atarian, erabiltzaileek euskara maila hobetzeko aukera izan dezaten..
Elhuyarrek hitz-jolas bat sortu du bere hiztegiaren atarian, erabiltzaileek euskara maila hobetzeko aukera izan dezaten.. (ELHUYAR)

Elhuyarrek hitz-jolas bat jarri du martxan bere hiztegiaren webgunean, erabiltzaileek euskarazko idazkera errepasatzeko eta hobetzeko aukera izan dezaten. Agudo eta aise, bost galdera berri erantzun ahal izanen dituzte egunero.

Ekimen honen bultzatzaileek azaldu dutenez, «guztiok idazle bihurtu gaituen aro digital honetan, hizkuntza-mailaren inguruko kezka piztu da. Eta hori aintzat hartuta, hitz-jolasaren helburua da erabiltzaileei laguntzea akatsak antzematen eta horiek zuzentzen».

Horretarako, Elhuyarrek segundo gutxi batzuetan egiten den ariketa bat sortu du.
Hitz-jolasaren erabiltzaileari bost galdera erantzutea proposatuko diote, bi erantzunen artean aukeratuta. Amaieran, emaitzak aztertzen ahalko ditu, asmatutako galdera-kopurua eta erantzun egokiak ikusita. Galderak askotarikoak izanen dira: ortografia, deklinabidea, sintaxia...

Hitz-jolasa bi tokitan aurkitu daiteke: Elhuyarren sare sozialetan eta Elhuyar Hiztegiaren atarian. Probatu nahi duenak hortxe ditu dagoeneko lehendabiziko bost galderak.