Bere sare sozialetan pilotazaleei zuzendutako idatzi batean, 12 urteko ibilbide profesionala amaitutzat ematen duela iragarri du Danel Elezkano pilotari zaratamarrak. «Zuengana jotzen dut malkoak dariola, pilota utzi behar dudala jakinarazteko osasunak behartuta. Ezin izango dut gehiago jokatu, ez profesional, ez beste era batera. Gorputzak oihuz esan dit nahikoa dela», aitortu du aurrelari bizkaitarrak.
Hilabete luzeak zeramatzan kantxetara irten ezinik, bizkarreko mina ere eragiten zion eskuin besoko «barquialgia» batek erasanda. «Dakizuen bezala, azken urte luze hau infernua izan da niretzat. izugarri sufritu dut. Medikuz mediku eman ditut hilabeteak, gorputzean ditudan hainbat lesio eta gaitzengatik, eta nik neuk nahiko nukeen irtenbidea aurkitu ezinik. Lesioek txarrera egin dute, eta kirolean ez ezik eguneroko bizitzan ere eragiten didate», azaldu du. Gogoratu behar da, jaiotzetik, eskuin besoa erabat luzatzea galarazten dion gaixotasun bat duela zaratamarrak.
«Burugogorkeria lagun, bueltatzen saiatu naizen arren, ezin aurrera egin, eta kantxan beste era batera agurtzea gustatuko balitzait ere, ez da posible izango. Dena den, ez dut agurrik behar, azken urteetan pilotalekuetan jaso dudan maitasuna nahikoa eta sobera delako niretzat. Saiatu naiz maitasun hori barnean dudan guztiarekin itzultzen» aipatu du.
«Medikuen aurreikuspenak bete egin dira eta diagnostikoa argia da. Zin dagizuet espezialistarik onenak bisitatu ditudala eta denek ohartarazi nautela partida bakar bat gehiago jokatzeko ahalegina arrisku handiegia dela nire osasunarentzat. Horrek nire bizitzako erabakirik zailenetako bat hartzea erraztu du. Esku onenetan izatearen lasaitasuna eta zortea dut», amaitu du Aspeko pilotariak.
Binakako txapeldun bi aldiz
Gauzak horrela, Zaratamokoak amaitutzat eman du 2012ko abuztuaren 18an Bilboko Bizkaia pilotalekuan hasi zuen ibilbide profesionala. Lehen urteak garaiko Asegarcen eman bazituen ere, 2016ko udan Asperekin fitxatu zuen eta Eibarko enpresarekin lortu ditu bere garaipenik sonatuenak, Bilbokoarekin bigarren mailako buruz buruko txapeldunorde izatea ere lortu bazuen 2013an, finalean Alvaro Untoriaren aurka galduta.
Binakako txapelketa izan da, ezbairik gabe, emaitzarik onenak lortu dituen lehiaketa, txapela birritan lortu baitzuen, 2019an Rezustarekin finalean Irribarria-Zabaletari 22-19 gailenduta eta bi urte beranduago Zabaleta berearekin, finalean Peña-Albisuri 22-7 irabazita.
Baina kirol emaitzez harago, kantxan eta frontoietatik kanpo erakutsitako gizatasunarengatik ere oso pilotari maitea da kide eta zaleengatik Zaratamokoa.