NAIZ
Donostia

2019ko eta 2023ko greba feministei buruzko saiakera plazaratu berri du Uma Ulaziak

Lisipe bildumaren hamabosgarren liburua da ‘Euskal Herriko Greba Feministak’, Uma Ulaziak idatzitakoa. Saiakera den lan honetan 2019ko martxoaren 8ko eta 2023ko azaroaren 30eko greba feministei buruzko hausnarketa egiten du, feminismo materialistaren ikuspuntutik.

Uma Ulazia bere liburuaren aurkezpenean, Jule Goikoetxearekin batera.
Uma Ulazia bere liburuaren aurkezpenean, Jule Goikoetxearekin batera. (Jon URBE | FOKU)

Uma Ulazia politologo eta aktibista feministak ‘Euskal Herriko Greba Feministak’ saiakera argitaratu berri du; 2019ko martxoaren 8an eta 2023ko azaroaren 30ean borroka feministaren barruan egindako greben diskurtsoei eta eraginari buruzko hausnarketa jasotzen du bertan.

Ostegun honetan aurkeztu du lana Donostian, Jule Goikoetxea filosofo eta irakaslea lagun. Susa argitaletxeko Lisipe bildumaren 15. zenbakia da Ulaziaren lana, bide batez bilduma honen autore gazteena bihurtu duena, 23 urte ditu eta.

Azaldu duenez, Goikoetxearen tutoretzapean egindako Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoko Graduko Gradu Amaierako Lanetik dator oraintsu argitaratutakoa. «Mugimendu feministari buruz eta mugimendu feministaren barnetik» egindakoa da, bere militantziarako erabilgarri izango zelakoan. Hasieran unibertsitaterako lana zen, baina liburu bihurtzea proposatu zion Goikoetxeak.

Publiko zabal batek irakurtzeko pentsatuta ez bazegoen ere, atal batzuk «dibulgatiboagoak» egiteko aukera izan zuen liburu bezala argitaratu baino lehen. Autokritikatik planteatutako lana dela argitu du Ulaziak, batez ere zaintzari buruzko diskurtsoaren inguruan hausnartzen duena.

Lau atal ditu. Lehendabizikoan grebei buruzko testuinguru orokorra ematen da eta analisia nondik planteatzen den azaltzen da.

Bigarrenean patriarkatua azaltzeko bi modu desberdin aurkezten ditu autoreak. Batetik, «gizartean zabalduta» dagoen ikuskera «problematikoa eta idealista» eta, bestetik, marko materialista. Hirugarrenean, ildo horretatik, marko batetik edo bestetik planteatuta, borrokak eta ortzimugak desberdinak direla azaltzen du.

Azkenengo atalean, aldiz, bi grebek, bakoitzak bere aldetik, izandako eragina eta inpaktua aztertzen du Uma Ulaziak, diskurtsoak eta borrokak desberdinak zirela kontuan hartuta.