UAGAk eta Araba Bizirik plataformak makropoiektu energetikoen aurkako manifestazioa deitu dute urriaren 26rako Gasteizen, «Araba salgai ez dagoela esateko».
Ostegun honetan Gasteizen egindako agerraldian azaldu dutenez, manifestazioa 18.00etan abiatuko da Bilbo plazatik. Bildutakoek makroproiektu energetiko guztiak gelditzeko exijituko dute, «bai berriki aurkeztutakoak, bai izapidetze aurreratuagoa dutenak».
Era berean, «enpresa handiek sustatzen duten lurraldearen harrapaketa gera dadila, eta Administrazioak ezinbestekoa den lurraldearen plangintza eta antolamendua egin dezala, ez guk eta ezta etorkizuneko belaunaldiek ere ez dezagun gure lurraldea eguzki-plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta ikusi».
Halaber, «Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak gure lurraldearekin espekulatzeari utz diezaiotela, eta haren defentsan apustu garbia egin dezatela; Araban bizitzen jarraitu nahi dugu. Eta ezkutatze praktikak bertan behera utz ditzatela eta informazioa garbi helaraz diezaiotela gizarte osoari».
Izan ere, «gizarteari beharrezkotzat ‘saldu’ nahi zaizkion espekulazio-negozio horiek, zuzenean beraien eragina pairatzen duten komunitateekiko inolako gardentasunik, informaziorik eta errespeturik gabe planteatzen ari dira».
«Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia: garaiz zaudete jarrera aldatzeko, bestela, Arabako espoliazioaren erantzule zuzenak izango zarete», nabarmendu dute, eta mezu zuzena helarazi diete erakundeei: «Argi utzi nahi dugu kudeaketa politiko oker baten ondorioz gure herrietatik eta lurretatik kanporatuak izateko arriskuan jartzen bagaituzue, beti aurrean izango gaituzuela».