«Sufritzea egokituko zait, seguru; ea gozatzerik ere izaten dudan» aitortu zigun, astean zehar, Iraitz Zubizarretak Lau eta Erdiko final zortzirenetako ligaxkan aurretik dituen hiru partiden inguruan galdetuta. Lehenengoa pasata, gozamenerako batere tarterik ez dio utzi Erik Jakak Sorian eta gainean egur handia eramanda egingo ditu etxerako bideko kilometro luzeak. Larrazabalen aurka amurrioarrak egindako oparirik ez dio egin lizartzarrak ataundarrari, Urrutikoetxeak sartu ezin izan zion abiadura eman dio Jakak gaurkoan pilotari eta goierritarra bigarren mailatik lehenengoko onenen artera dagoen jauziaz ohartu da ikasteko balio beharko liokeen lehian.
Gozatzeko tarte bakarra markagailuan 1-0 aurreratu denean izan du Iraitz Zubizarretak. Epailearen txapak berari eman dio pilota jokoan jartzeko aukera eta lehen pilotakadarekin tantoa lortu du goierritarrak. Hortik aurrera, Erik Jakak jarritako erritmoan dantza egitea egokitu zaio, agintzera pasatzeko ia aukerarik gabe.
Aparteko bizitasuna du Soriako pilotalekuaren frontisak, iaz Peio Etxeberriaren aurka ikaragarri sufritu zuen Erik Jakak kantxa berean eta aurten –bertan aurretik bi entrenamendu eginda–, lezioa ondo ikasita gerturatu da lizartzarra. Lehen pilotakadatik jokoaren ekimena berea izan behar zuen eta horretan saiatu da buru belarri, saketik hasita aurkaria frontisetik urrun mantenduz. Sakeak azpitik, zeharka jota aterata, ezker partean hiltzera atera ditu Erik Jakak eta min izugarria egin dio kokatzeko arazoak izan dituen Iraitz Zubizarretari. Frontisean birritan koskaren bat jota, bi falta ere egin ditu Tolosaldeakoak, baina bere horretan jarraitu du, tanto bakoitzean saketik lortzen zuen aldea ere handia zelako eta bigarren pilotakadarekin ere tanto mordoxka bat lortu dituelako.
Desoreka handia
Gutxi izan dira piloteatutako tantoak, baina horietan ere lizartzarena izan da ekimena, boleaz ere oso bizi ibili baitu pilota, efektuak emanda horren arriskutsua den Zubizarretaren jokoa erabat desaktibatuz.
Baldintza hauetan, behar baino azkarrago hautsi da partida eta txapelketa hasieran gehiegi errepikatzen ari den partida laburregi bat izan dugu Sorian. Sakearekin asko asmatzen ari dira pilotariak, errestoa geroz eta zailagoa egiten zaie gehientsuenei eta kaiolaren arrakasta pilotarien indarrak parekatzen zirelako heldu bazen, espezialitatea xarma hori galtzeko zorian egon daiteke, hurrengo jardunaldietan lehia orekatuagoak ikusten ez baditugu.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka: 22
Zubizarreta: 6
Pilotakadak: 139. Iraupena: 38,34 minutu. Markagailua: 0-1, 9-1, 9-417-4, 17-5, 19-5, 19-6, 22-6. Sakeak: 7 (2 falta) Jakak eta 1 (falta 1) Zubizarretak. Egindakoak: 7 Jakak eta 1 Zubizarretak. Galdutakoak: 2 Jakak eta 7 Zubizarretak. Gorabeherak: Sarrera pobrea Soriako La Juventud pilotalekuan. Aitor Aranguren aritu zen Erik Jakaren botilero lanetan eta Endika Apalategi egon zen Iraitz Zubizarretarekin. Lehen sakea urdin eta artekaririk ez.