NAIZ

Iker Ganuza da EPE IBAIA ikus-entzunezko ekoiztetxeen elkarteko presidente berria

Iker Ganuza izango da aurrerantzean EPE IBAIA euskal ekoiztetxeen elkarteko presidentea. Ganuzak bi erakundeen elkartzearen ondotik jarduneko presidentzia hartu zuen Marian Fernandez ordezkatuko du, momentuz hurrengo bi urteetarako.

Iker Ganuza, EPE IBAIAko presidente berria.
Iker Ganuza, EPE IBAIAko presidente berria. (EPE IBAIA)

EPE IBAIA elkarteak astearte honetan Donostian egindako bilkuran erabaki du Iker Ganuza (Lamia Producciones) izango dela hurrengo bi urteetan elkarteko presidente-kargua beteko duena. Zuzendaritza Batzordeko hamaika kideek aho batez aukeratu dute Ganuza eta, besteren artean, balioan jarri dute koprodukzio zinematografikoan duen ibilbide zabala.

Ganuzak Marian Fernandez (Txintxua Films) ordeztu du karguan, hark hartu baitzuen jarduneko presidentzia fusioaren ondoren, eta IBAIAko presidente-kargua ere bete zuen 2018. urteaz geroztik etenik gabe. Koldo Zuazua (Kowalski Films) eta Leire Apellaniz-ek (Sr&Sra) beteko dituzte presidenteorde-karguak.

Izendapenaren ondoren, bere aurrekoek IBAIA eta EPE-APV elkarteetako presidente-karguan egindako lan handia eskertu du presidente berriak (Marian Fernandez eta Carlos Juarez izan ziren, hurrenez hurren), eta elkarteari datozen urteetan euskal ikus-entzunezkoen interesak defendatzeko eta gidatzeko zabaltzen zaion aukera handia balioetsi du.

Elkarteak ohar bidez nabarmendu duenez, «bazkide guztien arteko lankidetza eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira sektoreko erronkei aurre egiteko eta ikus-entzunezkoen sektorea hazkunde ekonomikoaren, eta aberastasun eta dibertsitate kulturalen zabalkundearen iturri gisa sendotzeko».

Gaur egun, 67 dira jada EPE IBAIA elkarteari lotutako produkzio-etxeak, eta euskal ikus-entzunezkoen produkzio-enpresa independente gehien-gehienak ordezkatzen dituzte.