Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Agurtzane Intxaurraga
Hika Teatroaren zuzendari artistikoa

«Zaintzarako ezintasuna izan daiteke ez asmatzea nola egin»

Lan berriarekin dator Hika Teatroa. ‘Zorretan’ obrak gaur egun jendartean zentralitatea hartzen ari den gaia darama eszenara: zaintza. Ez ohiko ikuspuntua dakar Agurtzane Intxaurragak antzezlanean.

Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran eta Miren Gaztañaga ‘Zorretan’ antzezlanean.
Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran eta Miren Gaztañaga ‘Zorretan’ antzezlanean. (Asier Corera)

Modu naturalean etorri zitzaion gaia. Zaintza. «Ez zen izan erabaki kontzientea izan. Erraietatik idatziko testua da. Zaintzarena gai unibertsala da. Kasu honetan beste ikuspuntu bat adierazi nahi izan dut. Zaintzarako ezintasuna ez da bakarrik denborarik ez izatea. Izan daiteke ez asmatzea nola zaindu. Badira pertsona batzuk oso zainduak sentitzen direnak eta era berean sentitzen dutenak ez dakitela zaintzen. Berari hainbeste eman diote, bera ez dela gai hori bueltan emateko... Hau da gure protagonistaren beldurra. Erabakitzen du hori onartu eta ulertaraztea. Eta behar bada horregatik egongo da beti zorretan. Sentsazio hori dauka», azaldu du Agurtzane Intxaurragak (Orozko, 1966).  

«Gizarte honen gabezia» da zaintza antzerki zuzendariaren hitzetan. «Arazo estrukturala da. Beti egon da emakumeon gain, eta orain uzten ari gara kanpotar emakumeengan. Eromena da. Gero eta jende nagusiagoa dago eta indibidualismoa erraldoia da. Hori da sistema honek eskatzen dizuna, elkarren artean konpetitzea. Ni neu auzolanean hezitua izan naiz eta antzerkia zerbait bada kolektiboa da. Mina ematen dit kolektiboan horrenbesteko eraginik ez egotea. Gu militanteak izan gara. Ez diot militantziagatik egin behar denik, baizik sentitzeagatik ondokoa, auzokoa, famliakoa, laguna... Eta galtzen ari gara. ‘Pentsatu zugan’ da denbora guztian jasotzen dugun mezua. Honek gabezia emozional ikaragarria sortzen digu. Ondorioak ikusten ari gara, gero eta altuagoa da gaixotasun mentalen ratioa, suizidioarena, bakardadearena... Eta bizi omen gara komunikazioaren garaian teknologia berriekin», gaineratu du.

Ez da gaia lantzen duen lehen aldia. «Arantxa Iturbek eta biok aspaldi hitz egin genuen zaintzaz ‘Aitarekin bidaian’ lanean», gogoratu du.
 
Maitasuna da obra honetan landutako beste gaietako bat. Elkar maite duen bikotea du protagonista. «Emakume protagonistak, bere ezintasunaren barruan, zenbat maite dituen ingurukoak! Agian ez daki adierazten. Islatu dudana ez da harreman toxikoa, hortik aldendu nahi nuen», dio.

Amatasunak ere badu pisua. Ama ez izatearen nahiak, zehazki. «Protagonistak ez du ama izan nahi, baina ez du horretaz hitz egin nahi», argitu du.

Eta beldurrak. «Okerrena pentsatuz ari gara beti. Baina obrak uzten du hortik aldentzen, umoretik», azaldu du Intxaurragak.

Zuzendaritza eta dramaturgiaz arduratu da Hikaren lan berrian. Ondoan izan du zuzendaritzan laguntzen Miren Gojenola. Apiriletik hona bost egonaldi egin dituzte lana ontze bidean. Errenteria, Eibar, Bilbo –bi tokitan–, Igorre eta Gazteszena izan dira geralekuak. «2017an herrietara joateko erabakia hartu genuen. Bertan sortze prozesua egin eta ahal dela bertako komunitatearekin lan egitea. Bada komunitatea egiteko eta Hika ezagutarazteko modu bat. Esfortzu handia eskatzen du, askoz errazagoa da areto bat alokatu eta dena bertan egitea. Ekoizpen aldetik lan gehiago eskatzen du, antzoki bakoitzarekin egutegia lotu behar duzulako».

Aktoreen bila hasi eta Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza eta Jabi Barandiarenengana jo du. «Luxua izaten ari da, eurak ere oso gustura aritu dira lanean. Sormen prozesua ederra izaten da sentitzen duzunean inbestigatzen ari zarela, probatzen, askatasuna ematen, arriskatzen... Eta oraingoan horixe gertatu da. Ekipoak ilusionatuta jarraitzen duela ikustea zoragarria da», nabarmendu du, pozik.

Aktoreak

«Iñake hasieratik garbi nuen. Berak amarena egiten du. Aldi berean ahuldade puntu ikaragarria eta maitagarria ematen du eta oso gogorra eta zuzenea ere izan daiteke. Gero Miren etorri zen. Laguna dut, oso okupatua dago eta testuak ikutu egin zuenez erraza izan zen bere partehartzea. Azkena Jabi izan zen. ‘Hitzak’ ikuskizunean elkarrekin lan eginak ginen. ‘Ez da izango berriro ere gizon maltratadore bat jokatzeko?’, galdetu zidan. ‘Ez, justu kontrakoa da. Gizon maitagarria da’, erantzun nion. Eta baiezkoa eman zidan», kontatu du.

Zuzentzea zein idaztea. Ezin banatu. «Idazten dudanean zuzentzen aritzen naiz era berean. Zaila egiten zait zuzendari eta idazle alorrak desberdintzea. Estilo jakin bat dut gustukoa. Kontzeptuala, naturalismotik urrundu egiten dena, fisizidadea, mugimendua, arkitektura koreografikoa... Idazterakoan garbi neukan hasieratik publikoari aktibo egoteko eskatuko niola».  

Soinuak presentzia garrantzitsua du ‘Zorretan’ lanean. «Begietatik bakarrik ez, istorioa belarrietatik ere sartzea bilatu dugu. Podcast modukoak prestatu ditugu. Idazketatik halaxe zetorren».

Sorpresak

Ezustez beteriko antzezlana da. «Obrak badauka gauza bat polita, Mirenek horixe esaten zidan. Uste duzu dena ulertzen ari zarela eta bapatean kolpe bat dago. Eta esaten duzu ‘hau ez da nik ulertuta neukana’. Iruditzen zait hau dela obraren erakargarritasuna bat. Nik askotan jokatu dut trama puzzle modura aurkeztuz –(‘La Tarara’n edo ‘Koadernoa zuri’n– baina hemen ez. Publikoa ez da galduta egongo, hasieratik edukiko du dena ulertzen ari denaren sentsazioa. Jolas absurdoak ere badaude eta deskolokatu egiten du ikuslea», dio.

Agurtzane Intxaurraga antzerkigilea. (RENATA L.ETANOWSKI)

Baditu une gogorrak eta gozoak, tartekatuz doaz. «Ez da obra pisutsua, freskoa da. Baditu bere momentu sakonak eta poetikoak. Ikuslea gonbidatzen dut disfrutatzera. Plazera izango da hiru aktoreak eszenan ikustea. Niretzat plazera da nire testua defendatzen ikustea, sinesten dutelako nire testuan».

Badauka beste geruza lurrari lotutakoa. «Beharra neukan horretaz hitz egiteko. Pertsonak lurrari lotuta gaude, nahiz ez duen ematen, badirudi makinari lotuta gaudela. Emakume honek non ditu oinak? Lurrean ditu», esan du. Intxaurraga beraren bizipenak ikus daitezke, baserrian jaioa baita bera, nahiz Donostian, hirian, bizitzen daramatzan hamarkada luzeak.
 
Heriotza eta bizitza elkartuta. «Lurra jaiotza eta heriotza da, biak. Bizitzaz hitz egiten dugu eta heriotza ere azaltzen da. Heriotza bada zerbait amaitzen denean ere. Dolua dago. Ez da fisikoa bakarrik».

Hiru hamarkadako bidea

Hika antzerki konpainiak 35 urteko bidea egin du. Bere bizitzako proiektua da Intxaurragarentzat. Hasierako garaietatik berak bakarrik jarraitzen du taldean. «Hika kolektibo modura hasi zen. Nahiz orain konpainian bazkide bakarra izan saiatu naiz lankideekin talde sentsazioa mantentzen. Baita beste taldeekin saretzen ere, dantzarekin batez ere, eta zirkuarekin ere bai urte batzuetan», kontatu du.

Beldurrak uxatu eta pausua aurrera eman du obra zerotik sortzean. Bakarrik idatzi du oraingoan. «Nork bere buruarekin pudore handiagoa izaten du. Ingurukoei pasa nien testua irakur zezaten, eurek ere animatu ninduten eta aurrera egitea erabaki nuen. Konpainian hasieratik nago eta zer hobeto 35 urte hauek ospatzeko neure testua taularatzea? Ospakizunekin bukatzeko modu bikaina iruditzen zait», esan du irribarrea aurpegian. 

«Nire buruari idazteko aukera eman diot 35 urte hauek eman didaten eskarmentutik. Zuzendari, dramaturgo, ekoizle... alor desberdinetako esperientziarekin. Beti ere nigandik ateratako testua idatziz. Beti jartzen duzu zre bizitzatik zerbait, baina zure erraietatik atera behar duzu nahiz istorioa fikzioa izan. Nik behintzat hala sentitu dut idazterakoan», jarraitu du.

Etengabe ikasketa. «Saiatu naiz ez geratzen egitean dakidan horretan. Horrek arrisku handiak dakartza. Sormenak bizirik egoteko ezin du izan beti berdina. Konfort gunetik atera eta berritzen saiatu naiz. Hikaren sormena bizirik dago eta bizi dituen garaietara egokitu du. Oso inportantea da. Antzerkia bada bizi ditugun garaiak ulertzeko tresna. Nik sentitzen dut Hika bizirik dagoela, gero jendeak esango du», esanez amaitu du.