Iraitz Mateo

Davis kartzelaz ‘Abolizioa. Politika, praktikak, promesak’ liburuan, Katakrakek euskaratuta

Angela Davis pentsalari eta aktibista itzuli du Amaia Apalauzak beste behin Katakrak argitaletxearekin. Kartzelaren inguruko Davisen lan berria itzuli du euskarara: ‘Abolizioa. Politika, praktikak, promesak’. Garai ezberdinetan idatzitako testuak eta izaera ezberdina dutenak jasotzen ditu lanak.

Amaia Apalauza, itzuli berri duen Angela Davisen liburua eskuan.
Amaia Apalauza, itzuli berri duen Angela Davisen liburua eskuan. (Andoni Canellada | FOKU)

Angela Davisen bizitzan oso presente egon da kartzelen abolizioaren gaia, eta bere idazle ibilbideko hasierara itzuliz, berriro ere espetxearen inguruan idatzi du azken liburua. Urte hasieran ingelesez argitaratu, orain Katakraken eskutik ekarri dute euskarara, liburuaren lehen itzulpena: ‘Abolizioa. Politika, praktikak, promesak’. Amaia Apaluazak itzuli du, eta ostegun goiz honetan aurkeztu dute Donostian.

Hedoi Etxarte editorea izan du lagun itzultzaileak. Gogoratu du Davisek hiru dimentsiotan ulertzen duela kartzela: modu pertsonal edota intimoan, politikoan eta ikerketa egiteko ikuspegitik. Hiru elementuok zeharkatzen dute liburua eta 271 orrialdeak kartzelaren inguruan badira ere, denboran momentu ezberdinetan idatzitako eta izaera oso ezberdineko testuak biltzen ditu lanak.

Batetik, teoria politikoko testuak jasotzen direla azaldu du Etxartek, «zer den espetxea, noren aurka doan, nork pentsatzen duen, nor doan kartzelara…», eta hausnarketarako gako bat proposatu du: «Zauden tokian zaudela, 100 kilometro baino gutxiagora kartzela bat dago». Bestetik, testu historikoak biltzen dira. Editoreak azaldu du esklabotza desagertzerakoan abiatzen dela espetxeen hedatzea; ildo horretan, XIX. mendean espetxeen aboliziaren aldeko mugimenduaren hastapenetatik gaur egungo mugimenduetarainoko errepasoa egiten du. Eta hirugarren testu motak kasu zehatzak edota kronikak lirateke; Herbehereetako, AEBetako eta Kubako espetxe sistemak ikertzen ditu, eta bertako presoei egindako elkarrizketen bidez ematen du batzuen eta besteen joeren berri.

«Zapalkuntza guztien aurka egitea da kartzelaren abolizioaren alde egitea», esan du Apalauzak, Davisen tesi nagusia azaldu asmoz, eta gaineratu du gaiaren hamaika ertz lantzen dituela aktibista estatubatuarrak liburuak dituen bost ataletan; orotara 12 testu biltzen ditu lanak. Irakurtzeko gomendio bat ere egin du itzultzaileak: «Liburu gisa irakurri, ez artikulu solte gisara».

Kartzela, lehen eta orain

Izan ere, hasierako ataletan atzera begirako genealogia bat egiten du Davisek. XIX. mendean «kolorea dutenak» zigortzeko sistema diskriminatzaile bezala sortu zela adierazi du itzultzaileak, baina esklabotza desagertzerakoan baztertutako pertsona horiek espetxean sartzen hasi ziren. «Hein batean transferentzia bat eman zen, hasieran kartzelan gizon zuriak zeuden, eta esklabotza amaitzerakoan koloreko gizonak preso sartzen hasi ziren», kontatu du. Gainera, hasierako helburua pertsona horien «erreabilitazioa» bazen ere, Davisen ustez zigortzea eta pertsona horiek espetxean «txikitzea» izan da beti.

Berak sortutako terminoa ez bada ere, Davisek «kartzela industria konplexua» kontzeptua azaltzen du liburuan, «konplexua egitura bezala ulertuta, ez konplikazio gisa», zehaztu du itzultzaileak. Eta Davisen iritziz, kartzela negozio bilakatu da: «Etekin ekonomikoaren bila dabil sistema, eta hortik datoz presoen errentamendu sistemaren gaurkotzea edota kartzela pribatuen gorakada. Sistema bera elikatzen du preso kopuruen gorakadak».

Bosgarren ataletik aurrera, gainera, egungo ematen ari den espetxeen hedapena arduradunak nola justifikatzen duten azaltzen ahalegindu da: «Krimenaren ideologia bat sortu dute kartzela justifikatzeko eta populazio jakin batzuk kriminalizatzeko», argitu du.

Idazleak azaltzen duenez, gero eta emakume gehiago dago espetxeetan; Apalauzak datu bat eman du: «1998an ia bi milioi emakume zeuden espetxean (AEBetan), eta horietako %70 baino gehiago kolorekoak». Bestalde, eta Davisek ohi duen ikuspegi zorrotzarekin, itzultzaileak kontatu du generoari dagokionean ere analisi interesgarria egiten duela. Izan ere ‘zigor pribatu’ eta ‘zigor publiko’ terminoak esplikatzen ditu. Davisek kontatzen du nola lehen emakumeak «zigor pribatua» jasaten zuen, «normalean, etxean ematen ziren biolentzia eta zigorrekin lotuta»; baina, indarkeria horien aurrean defendatzen hasitakoan lehen pribatua zen zigorra jada zigor publiko bihurtu zela eta ondorioz, maiz, zigor bikotza jasaten dutela.

Kasu zehatzen kronikak

Espetxean dauden emakumeek zigor bikoitz hori pairatzen dute Apalauzaren azalpenen arabera, eta horren adibidetzat jarri du Kaliforniako kasua. Gaineratu duenez, azken urte luzeetan espetxean dauden emakumeek eta mugimendu feministak bat egin dute aldarri berarekin, kartzelako bizi baldintzen aurka borrokatzeaz gain, batez ere, kartzela instituzio bezala zalantzan jartzeko aldarria eginez. Eta Davisek ideia horiek uztartuz azaltzen du liburuan espetxearen abolizioaren aldeko mugimenduaren genealogia.

Liburuko azken hiru ataletan kasu zehatzak lantzen dira. Hain zuzen ere, Kum-Kum Bhavnanirekin batera Herbehereetako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kubako emakume espetxeratuak aztertzen ditu. Bertako presoei elkarrizketak eginez eta sistemak aztertuta egin zuten landa lana. Itzultzaileak azaldu du Davisek jasotakoaren arabera, ezberdintasun handiak dauden arren, AEBetako egoera dela «ankerrena», eta joera gehienak sistema horretarantz doazela ondorioztatu du.