NAIZ

Enpresa handien desioetan tematu baino, aberastasuna banatu dezala eskatu dio ELAk Pradalesi

«Ez ezazu loa galdu enpresa handien desioekin, eta kezka zaitez gutxienez etekinen %25 ordain dezaten». Hala zuzendu zaio Mitxel Lakuntza Imanol Pradales EAEko lehendakariari, ELAk Bilbon egin duen ekitaldi batean. Kritiko agertu da zerga sistemarekin eta gutxieneko soldata igotzearen alde egin du.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, sindikatuak Bilbon egin duen ekitaldian.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, sindikatuak Bilbon egin duen ekitaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin, bi norabidetan eragingo du ELAk, batetik, Euskal Herrian gutxieneko soldata ezar dadila lortzeko eta, bestetik, «gehien dutenei gehiago ordainaraziko» dien zerga erreforma hauspotzeko. Zentzu honetan, Imanol Pradales lehendakariari zuzendu zaio Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, sindikatuak Bilboko La Casillan egin duen ekitaldian: «Lehendakari, ez ezazu loa galdu enpresa handien desioekin, eta kezka zaitez gutxienez etekinen %25 ordain dezaten».

Sindikatuaren arabera, 4.000 militante batu ditu Bizkaiko hiriburuan egin den ekitaldiak, eta bertan, aberastasunaren banaketa aldarrikatzeko sindikatuak iragarri zuen mobilizazio aldia abiarazi dute. Iruñea eta Bilbon deitu dituen manifestazioekin kalera eramango ditu sindikatuak bere aldarriak, abenduaren 13 eta 14an, hurrenez hurren.

«Proposamen politiko bat egitera gatoz, aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin; lehenik, gutxieneko soldatari buruzko eskumena lortu eta Euskal Herrian gutxieneko soldata ezar dadila eragin. Bigarrenik, zerga erreforma bat aurrera eraman iruzurra amaitzeko, gehien dutenei gehiago ordainarazteko eta diru bilketa handitzeko, zerbitzu publikoak indartzearren», adierazi du Mitxel Lakuntzak La Casillan.

Sindikalgintzatik eragitearen garrantzia azpimarratu du idazkari nagusiak, esanez Iberdrola, Petronor edo Confebask bezalako agenteak gogor ari direla beren aldera bultzatzen, asteon agerian geratu den modura: Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak banku eta konpainia elektriko handiei ezarritako zergen kontra jo zuen eta berarekin bat egin zuen Imanol Pradales EAEko lehendakariak, esanez karga fiskal horiek ez direla egokiak gizarte baten industria gara dadin, Iberdrolaren irabazi errekorrak iragarri bezperan.

Josu Jon Imazek esan zuenez, bere enpresak irabazi dituen 3.000 milioiko etekinen %10 ordaindu beharko balu zergatan, milaka lanpostu eta inbertsio arriskuan egongo liratekee. «Aldi berean, Imazen asmoa da aurten akziodunen artean 10.000 milioi euro banatzea. Ez ote da hau kohesio eta berdintasun sozialerako mehatxu bat?», galdetu du Lakuntzak, eta zera gehitu: «Gaur politikaren lehentasuna da botere ekonomikoari eta enpresei trabarik ez jartzea», berretsi du Lakuntzak.

Aitzitik, ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, «aberastasuna banatzeko borroka ez da pazifikoa, pribilegioak dauzkaten horiek ez diotelako egoera horri uko egin nahi». «Horregatik –gaineratu du–, proposamen honek gure herriko alderdi politikoak zuzenean interpelatzen ditu; hemen ezin da ekidistantzia bilatu: soldatak hobetzeko eta aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko ahaleginik gabe ezberdintasuna gero eta handiagoa izango da gurean».

Horregatik, Pradalesi zuzendu zaio zuzenean: «Ez ezazu loa galdu enpresa handien desioekin, eta kezka zaitez gutxienez etekinen %25 ordain dezaten».

Aitor Murgia Azterketa Bulegoaren arduraduna, halaber, kritiko agertu da egungo zerga sistemarekin. Enpresek zerga gutxi ordain dezaten prestatuta dagoela deitoratu du. «Kenketei eta ingeniaritza fiskalari esker EAEko enpresek batez beste etekinen %9 baino ez dute ordaintzen, %25 izan beharko lukeenean. Beste behin ere azpimarratu beharra dago Sozietateen Zerga soilik etekinei ezartzen zaiela, ez dela salmenten baitakoa. Hots, ez da hainbesterako, eta inola ere ez du eragiten enpresak bideragarri izan daitezen ala ez», adierazi du.

1.795 euro gutxienez

Hego Euskal Herrirako Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) inguruan sindikatuak duen proposamena, berriz, Ane Zelaia Sindikalizazio arduradunak azaldu du. Kalkulu berria egin beharko litzatekeela defendatu du, EAEko eta Nafarroako BPGaren %65a kontuan hartuta, «aberastasuna lan eta kapital errenten artean behar bezala bana dadin, eta ez dadin izan, orain arteko moduan, soldaten arteko adierazle konparatibo hutsa», esan du.

«Kalkulu berri horren arabera LGS 2024an hilean 1.795 eurokoa litzateke», ondorioztatu du La Casillan. Zelaiaren esanetan, gutxieneko errenta hori iristea «guztiz egingarria da», Euskal Herriaren antzeko maila ekonomikoa duten Europako beste herrialde batzuetan LGS handiagoa ezarri baitute, esaterako, Alemanian (1.981 euro), Belgikan (1.955), Herbehereetan (1.934) edota Estatu frantsesean (1.709).