Ostiral honetan hasiko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. astea. 31 pelikula eskainiko dituzte guztira, eta haietatik 23 Sail Ofizialean lehiatuko dira. Nacho Vigalondo zuzendariaren ‘Daniela Forever’ filmak irekiko du egitaraua eta aurrera beldurra, fantasia eta giro oso berezia gailenduko dira hiriko kale eta aretoetan. OIHUA! egitasmoko irabazlea ere emango dute, Eneko Muruzabal Elezcano-ren ‘Planetagatik’.
Jarduera desberdinak
Antzoki Zaharra izango da zinema jaialdiaren egoitza nagusia eta bertan proiektatuko da osorik film luzeen sail ofiziala, baina jaialdian ez dira soilik pelikulak eta film laburrak proiektatzen, beste zenbait ekitaldi interesgarri ere antolatzen dira. Aurten esaterako, Japoniako animazioa oinarri duen atal berri bat izango du: Animedom. Lau film luze pantailaratuko dituzte Victoria Eugenia antzokian. Areto berdinean Gaztea eta Primeran plataformak, ‘Wreck’ telesailaren aurrestreinaldia egingo dute bertan, urriaren 31n. Bi egun lehenago, euskal film laburren maratoia ere bertan egingo da. ‘Gizaki’, Xanti Rodriguez; ‘Hotz’, Lander Castro; ‘O.P.N.I.’, Borja De Agüero; ‘Planetagatik’, Eneko Muruzabal Elezcano; ‘Presencia’, Igor Salutregi; ‘Sandra,’ Jon Herrero; ‘Sesión’, David González Rudiez; eta ‘Tragedium’, Gastón Haag dira proiektatuko dituzten izenburuak.
Bestalde, Franz Kafka-ren heriotzaren mendeurrena dela eta, Tabakalerako zinema aretoan eskainiko diren emanaldiek idazlea izango dute ardatz. ‘Das Schloss’ (Michael Haneke, 1997) filma emango dute, ‘Gaztelua’ eleberriaren moldaketa da. Idazle txekiarraren obran oinarritutako film laburren saio bat ere eskainiko da; ‘Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico’ liburua argitaratu dute Asteak eta Hermenaute argitaletxeak, Jonathan Allenek eta Jesús Palaciosek idatzia.
Film laburrak: ‘Planetagatik’
Jaialdi honen ikur nagusia film luzeak diren arren, laburrei eskaintzen zaien tartea ere oso aipagarria eta nabarmena da. Nazioarteko sailean 12 lan sartu dituzte, animaziozko kategorian 10, estatu espainiarreko film laburren sailean 8, eta beste horrenbeste euskal produkzioen atalean. Azken horien artean OIHUA! egitasmoko irabazlea, ‘Planetagatik’ (Eneko Muruzabal Elezcano).
‘Oihua! sorkuntza egitasmoa’ 2019an sortu zen, Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek bultzatutako ekimena da. Deialdiaren asmoa, euskarazko fantasiazko zein beldurrezko gidoien sorkuntza berria saritzea da, eta horretarako ikus-entzunezkoaren arloko profesionalen zeharkako aholkularitza ezarri da hautatutako proiektuentzat.
Aurtengo lan saritua, ostiral honetan bertan emango duten ‘Planetagatik’ film laburra izan da, Vigalondo-ren lan berriaren aurretik erakutsiko dena. Premisa, honakoa: Mario zientzialaria da, eta esperimentuak egiten ditu elikagaien ikerketako zentro aurreratu batean, Karla lankidearekin batera. Langileentzako ingurumen-politika berriak jasanezinak bihurtzen direnean, Juanarenera (bere nagusia) joango da. Iñigo Aranburu, Ainhoa Artetxe eta Maria Cruickshank aktoreek hartu dute parte.
Epaimahaiak, Muruzabalen lana, sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskararen maila aintzat hartuta hautatu du irabazle. Hauxe nabarmendu dute epaimahaikideek: «Gaiak duen interes bizia, ironiaren erabilera fina eta euskaraz egindako zientzia-fikzioa aldarrikatzeko nahia. Gaurkotasun handiko ekodistopia da» .
Alderdi bisuala zein narratiboa osatzeko erabili dituen erreferentziak zeintzuk izan diren galdetuz, «hasierako zatian argazkilaritza lanak izan ditut bereziki inspirazio iturri. ‘Little Joe’ (Jessica Hausner , 2019) filma ere aipatuko nuke, eta nahita bilatu ez badut ere pelikula amaitu dudanean ‘Severance’ telesailaren kutsua duela ere ohartu naiz» erantzun du zuzendariak. «Etorkizunean euskarazko edukiak egiten jarraitu nahi dut, baita zientzia fikziozko proposamenak ere», gehitu du.
Inaugurazioa: ‘Daniela Forever’
Ostiral honetan plater nagusia Nacho Vigalondo zuzendariaren ‘Daniela Forever’ izango da, bere ibilbideko bosgarren film luzea.
«Kontzeptu aski interesgarri batekin dator Vigalondo, oso ongi egindako filma da. Melodrama erromantiko bat baina fantasia kutsu batekin. Protagonistak ahalmena du zendu den bikotea berrekuratzeko ametsen bidez, eta pilula batzuk erabiliz. ‘The Substance’ filmaren abiapuntu antzekoa du, baina guztiz ezberdinak dira bi filmak», aipatu du Josemi Beltran-ek, astearen zuzendariak, NAIZ Irratiko Bideokluba saioan.
Bere ametsak kontrolatzeko ahalmena emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatuko duten Nicolasen istorioa azalduko du, Daniela bikotearen heriotzaren ondoren bere bizitzak zentzu guztia galdu duela sentitzen duenarena. Proba klinikoari baiezkoa emango dio, eta bikotea suspertuko duelakoan. Orain Nicolasek gauero amets egin dezake Danielarekin eta elkarren artean inoiz baino idilikoagoa den harremanari berriro ekin. Ametsetan bada ere. Eta haietan bere burua betiko galtzeko arriskuarekin.
Bi mundu horiek irudikatzeko, Vigalondok, Betamax kamera zahar bat erabili du errealitatea filmatzeko, eta 4:3 formatuaz baliatu da; eta ametsetarako aldiz, egungo kamera modernoak, bereizmen handia eta formatu panoramikoa dutena; kontraste bisual oso esanguratsua sortu du.
Agertokiak zein hiriak garrantzia handia dute filmean «nahiago dut benetako kokalekuetan filmatu, gezurretakoak diren set erraldoi horietan baino. Kalean grabatzeak gidoi biziak eta organikoak sortzea ahalbidetzen du, inoiz ez dakigulako istorioa aberastu dezakeen zerbait azalduko den ala ez. Benetakoak ez diren lokalizazioek ez dizkizute gidoian ez dagoen ezer oparitzen», azaldu du Vigalondok prentsaurrekoan.
Vigalondo Estatu espainiarrean dagoen zinemagilerik aske eta originaletarikoa izan liteke; bere ibilbidean fantasiazko edo zientzia-fikziozko ideiez baliatu da oso gizatiarrak diren gaiak aztertzeko. ‘Daniela Forever’ film berriak, zientzia-fikziozko drama erromantikoen azpigeneroa kokatuko genukeena, dolua, maitasuna eta bigarren aukeren inguruko azterketa proposatzen du. Iragana ordezkatzea edo berpizten saiatzea, etikoa edo osasuntsua den ala ez ezbaian jartzen duen filma da.
Axolagabe uzten ez duen proposamen horietakoa da, eta hori eskertzekoa da oso, baina narrazio nagusiaren norabidea gehiegi sakabanatzen da. Premisa burutsua den arren eta bisualki oso azpimarragarria, gidoia ez da guztiz biribila, eta zenbait momentutan bere narratiban galtzen denaren sentsazioa transmititzen du, azken zatian bereziki.
Ostiral honetan arratsaldeko 19.30tan emango dute filma Donostiako Antzoki Zaharrean.