Gaur goizean Butroe ibaiak bi puntutan gainezka egin eta bi errepide itxi ondoren abian jarritako jarraipen mahaia desaktibatu berri du Udalak, eguraldiaren iragarpena eta ur-emarian izandako jaitsiera kontuan hartuta.
Mahaia gaur goizeko 7.00ak aldera jarri dute abian, ibaiaren ur-goraldiaren aurrean. «Une honetan ibaiaren egoera egonkorra da, eta datozen orduetarako eguraldiaren iragarpenak mahai hori desaktibatzen laguntzen du», adierazi dute udal iturriek ohar bidez. Gogoratu dute, halaber, 20.00ak arte egongo dela zabalik Legardako aparkalekua.
Izan ere, ur-goraldiaren aurrean autoak udalerriko goialdera mugitzeko eskatu diete auzokideei. Horretarako, Legardako aparkalekua egokitu dute ohiko aparkalekuez gain.
Mungiako Udaltzaingoak Europa Pressi adierazi dionez, ibaiak gainezka egin du BI-2121 errepidean, Mungia eta Maruri artean, eta Maruri eta Gatika lotzen dituen errepidean. Itxita daude biak.
Luizia Plentzian
Azken orduetan izandako euriteek luizi bat eragin dute Plentzian. Bi txaletetako bizilagunak etxetik atera behar izan dute horren ondorioz, eta gertu dagoen mendian lur-jausi berri bat gertatzeko dagoen arriskuaren aurrean.
Plentziako Isuskitza auzoan izan da gertaera 4.40ean, El Abanico izeneko eremuan luizi bat izan denean. Horren ondorioz, bi txalet hustu behar izan dituzte. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, etxeetako batean ez zegoen inor, eta bi lagun zeuden bestean. Ez dira zauritu baina luizi berri bat izateko arriskuaren aurrean, hartu dute neurria.
Azken orduetako euriteek, halaber, Bizkaiko suhiltzaileen hainbat esku hartze eragin dituzte, Plentziakoa izan da horietako bat, baian ura atera behar izan dute Gorlizen, Erandion eta Gernikan, eta Lemoizen eroritako zuhaitz bat kentzeko lanetan ere aritu dira.