Ainhoa Arostegi
Entrevista
Edurtzeta Atutxa
2023ko fruitu lehiaketako irabazlea

«Gaur egun zaila da nekazaritzaz bakarrik aurrera ateratzea»

Lurrarekiko grinatik sortu zen Edurtzeta Atutxak eta Iñaki Sarrionandiak duela 40 urte abian jarri zuten ustiapen ekologikoa. Gaur egun sasoiko fruitu eta barazkiak ekoizten dituzte, eta konpromiso horrek, pozak eta nekeak ez ezik, sariak ere ekarri dizkie, iaz Gernikan lortutakoa, besteak beste.

Edurtzeta Atutxa.
Edurtzeta Atutxa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zuen fruitu eta barazkiak sarituak izan dira han eta hemen. Nola lantzen dituzue? Zerk egiten ditu berezi?

Batez ere sasoiko produktuen aldeko apustua egiten dugu. Osasungarriagoak izateaz gain, ingurunea errespetatzen dute, eta Lurra zainduz, geure buruak ere zaintzen ditugu. Udazkenean, adibidez, kiwiak, sagarrak, fruitu lehorrak eta babarrunak dira protagonista. Guk ez dugu herbizida edota glifosatorik erabiltzen. Gure uzta erabat ekologikoa da eta horrek zapore desberdina ematen dio. Agian ez du itxurarik onena, baina zaporea antzinako produktuena da, gozo-gozoa, paregabea.

Fruitu eta barazkiez gain, beste produkturik saltzen duzue?

Ekoizten dugun gehiena zuzeneko salmentaren bidez merkaturatzen dugu. Baina, batzuetan, urtearen arabera,  asko ekoizten da produktu batetik edo bestetik, eta ez dugu dena merkaturatzeko astirik. Soberakinak pureak, marmeladak edo irasagarrak egiteko erabiltzen ditugu. Aurten, adibidez, kalabaza eta porru asko izan da, eta purea egin dugu. Zirkulua ixteko modu bat da.

Garrantzitsuak al dira Gernika bezalako merkatuak zuen tankerako ekoizleentzat?

Berrogei azoka inguru egiten ditugu urtean zehar, gehienak Bizkaian, baina Gipuzkoan eta Araban ere bai. Gure salmenta gehiena merkatu eta azoketan gauzatzen dugu. Mundu hori izugarri aldatu da azken urteotan. Orain jende askok hobby edo ekitaldi folkloriko gisa ikusten ditu azokak, eta ez du ulertzen atzean dagoen lana. Tokiko nekazaritzak bizirik iraun dezala nahi badugu, bertoko produktuak kontsumitu beharra dago, zertxobait garestiagoak izan arren.

Aurreko urtean Gernikako Urriko Azken Asteleheneko fruituen saria irabazi zenuen. Zer suposatzen du horrek?

Gernikan irabaztea zaila da, baina nola edo hala saria eskuratu genuen. Gogorra izan zen. Ez zen urte ona izan sagarrentzat, txingorra bota zuelako. Baina ahalegin handiak egin genituen eta, azkenean, sari handia irabazi genuen. Ez duzu espero, ez duzu horregatik egiten, baina iristen denean pozez eta harrotasunez betetzen zaitu.

Nola ikusten duzu emakumeen papera baserrian eta azoketan?

Azoketan emakume gutxi ikusten da. Askok sektorean lan egiten badute ere, gizonezkoak izan ohi dira paper ikusgarrienak eta entzutetsuenak betetzen dituztenak, sari gehienak patrikaratzen dituztenak. Horrek, nire ustez, nolabait mugatu egiten ditu emakumezkoek zuzeneko etekin ekonomikoak eta lanagatiko aintzatespena lortzeko aukerak.

Eta belaunaldien arteko erreleboa, nola ikusten duzu?

Nire bi alabetatik batek nekazaritzarekin jarraitu du, baina ez da hortik bizi. Gaur egun zaila da baserri bat nekazaritzaz bakarrik aurrera ateratzea, batez ere animaliarik ez baduzu. Nire beste alabak ere laguntzen digu, baina honetatik bizitzea ez da batere erraza. Baratzea uzten dugunean, gure alabak ez du jarraituko. Gaur baserria bideragarria izan dadin, egunak 48 ordu beharko lituzke eta, hala ere, dirua ez litzateke helduko.

Zer sentitzen duzu horretaz pentsatzen duzunean?

Sentimendu gazi-gozoa da. Hau bezalako proiektu bat aurrera ateratzeak ahalegin izugarriak eskatzen ditu, eta ez dut nahi alabek nik adina sakrifiziorik egin dezaten. Libreagoak izatea nahi nuke, soldata duina eduki eta familiaz gozatzeko aukera handiagoa izan dezaten. Baina, beste aldetik, tristura handia ematen dit horrenbesteko nekez eta grinaz sortutakoa jarraipenik ez duela ikusteak. Nire belaunaldiko nekazari askok bizi dugun errealitate hau penagarria da oso. Hala eta guztiz, azken urteotan jende gazte dezente ideia berritzaileekin heltzen hasi dela ikusten ari gara, eta hori itxaropen txinparta bat izan daiteke gure sektorearentzat.