Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean aurkeztu du egindako lege aldaketa. Nabarmendu duenez, aurrekontu honetan 67 milioi euro bideratuko dituzte sare kontzertatura eta horrek eskakizun eta konpromiso berriak ekarriko ditu berarekin itunpeko ikastetxeentzat, «ardura konpartitua eta gardentasuna» zaintzeko.
Azaldu duenez, zentro horietako langileen kontratazioak «gardena izan beharko du, merituak, gaitasunak eta berdintasuna oinarri hartuta, eta eskaintzen publizitatea bermatuz».
Era berean, beharrezkoa izanen da zerbitzu publikoa dohainik eskaintzea, eta sailburuak baieztatu duenez, aldaketak «zentroek dituzten eta izan ditzaketen langileen gastuen kontrola mantentzen lagunduko du». Pedrosak adierazi du «zenbait aurrerapauso» ematen direla Gobernuak planteatutako lege aldaketa honekin, hezkuntzaren «doakotasuna bermatzeko» helburuarekin.
«Betebehar sorta bat ezarri da»
Urteko kontuak publiko egin beharko dituzte, honenbestez, sektoreko patronalek ordezkatzen dituzten zentro guztiek, «era gardenean eta administrazioak ezarritako moduan». Sailburuak zehaztu du «arrazoi sozioekonomikoengatik inor ez baztertzeko xedearekin, funts publikoek sostengatutako ikastetxeek ezingo dutela familien dirurik jaso doan emandako ikasketen truke».
Zentro horiek ezingo dute inor «kuotarik ordaintzera edo fundazio edo elkarteentzako ekarpenik egitera behartu, eta ezta irakaskuntzarekin lotutako derrigorrezko zerbitzurik paratu ere, finantzazio publikoaren barnean dauden zerbitzuei, prestazioei edo materialei eraginez».
«Argi utzi nahi dugu baietz, badagoela ekarpen ekonomiko bat parekatzearen alde, baina akordio hauek betebehar sorta bat ezartzea eta azpimarratzea ere ekarri dute itunpeko ikastetxeetan; eta bide batez, horrela kontzertazioaren eta doakotasunaren bermeak ezarriko dituen araudian txertatuko ditugu konpromiso eta eginbehar horiek», agertu du Pedrosak.
«Oinarri juridiko sendoa»
Erreforma honek «oinarri juridiko sendoa» duela ere defendatu du sailburuak, baita «akordio politiko, patronal, sozial eta sindikal zabal baten» babesa duela ere. Gainera, segurtatu duenez, «itunpeko sareko irakasleek ez dute sekula maila bereko sare publikoko irakasleek baino oinarrizko ordainsari handiagorik jasoko».
Lege aldaketa honek Parlamentuaren oniritzia jasotzen duenean, dagozkien diru kopuruak «ahalik eta azkarren» eginen dituztela agindu du, «urtea bukatu baino lehen».
Soldaten aldea
Begoña Pedrosak esplikatu duenez, egin dituzten kalkuluen arabera, 4.043,10 euroko aldea dago Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan sare publikoaren eta kontzertatuaren artean irakasleek jasotzen duten soldatan. Aldea handixeagoa da, 4.449,42 eurokoa, Bigarren Hezkuntzako irakasleen soldatan.
Aldarrikatu duenez, soldatak parekatzeak «euskal hezkuntza publikoaren zerbitzua ematen duten zentroak doan izateko bidean urratsak egitea ahalbidetzen du». Erantsi duenez, «horrela ikastetxe kontzertatuetan soldata igoerak kuotetan izango lukeen eragina ekidingo dugu».
«Gabeziak eta desorekak»
Oposiziotik, Ikoitz Arrese EH Bilduko parlamentariak azaldu du neurria bat datorrela koalizio abertzaleak hezkuntzaren arloan duen bide-orriarekin. Hala ere, «gabezia batzuk» ikusi ditu gai honi buruzko informazioa maneiatzeko orduan eta erreforma honek ekar ditzakeen «desoreken» beldur dela ere adierazi du.
Jon Hernandez Sumarreko ordezkariak salatu du Gobernuak planteatu duena «ez dela soldatak parekatzea», Sailak emandako dokumentuan agertzen denez 2024ko ikastetxe publikoetako irakasleen soldatak «zentro pribatu kontzertatuetako maila bereko irakasleenak baino txikiagoak izango baitira».
PPko Alvaro Gotxik, bestalde, zehaztasun falta leporatu dio sailburuari: «Ez dakigu zenbat diruz hitz egiten ari garen; eta arazoa da sentsazioa dudala Hezkuntza Sailak ere ez dakiela. Horrek beldurra eta kezka eragiten dit».
«Nahasmena sortzea»
Gobernua babesten duten taldeen aldetik, Alaitz Zabala jeltzaleak erran du alderdi batzuk gai honen gaineko «informazio nahasia» ematen saiatu direla eta abisatu du «nahasmena sortzeak ez diola ezer onik ekarriko» hezkuntza sistemari.
PSEko Estibaliz Cantok lege aldaketa txalotu du, eta argitu du parekatzeak ez diela inongo kalterik ekarriko sare publikoko irakasleen soldata baldintzei.