NAIZ

Elkartasuna adierazi diote epaitegian Mozal Legearekin isundutako EH Bizirik sareko kideari

Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio Euskal Herria Bizirik-eko kide bati mendian egindako mobilizazio baten harira. Emakumeak helegite bat aurkeztu du isunaren kontra eta horren harira epaiketa izaten ari da gaur Gasteizen. Elkarretaratzea egon da Justizia Jauregiaren aurrean.

EH Bizirik-ek elkarretaratzea Gasteizko epaitegiaren aurrean.
EH Bizirik-ek elkarretaratzea Gasteizko epaitegiaren aurrean. (EH BIZIRIK)

«Gaur hemen gaude, zoritxarrez, gure lankide Rebeka epaituko dutelako, hain zuzen ere, modu konprometitu, ausart, zintzo eta erabakigarrian uko egin ezin zaien esentzialitate demokratiko horietako asko defendatzeagatik», adierazi dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean protesta egin duten EH Bizirik sareko kideek.

Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu zion duela egun batzuk Rebekari. NAIZi azaldu ziotenez, mendian zegoen, Iturrietan aurreikusita zegoen parke eolikoaren aurkako mendi martxa bat antolatzen, ertzain batek identifikatu zuenean. Emakumeak ez zuen agiririk eta horren ondorioz Mozal Legea aplikatu zion.

Emakumeak helegite bat aurkeztu du isunaren kontra eta horren harira epaiketa izaten hari da gaur goizean, Rebekari babesa adierazteko eta berriro ere bere borrokan berresteko.

«Nahikoa da esan behar dugu kasu honen aurrean, non, Gobernuak, gau eta egun bertute demokratikoak harrokeriaz goratuz, polizia-indarrak oligopolio elektriko baten zerbitzura jartzen dituen, jabetza publikoko eremu naturaletarako sarbide librea ere baldintzatu eta zapaltzeko; izan ere, legea betetzen ez duten azpiegitura pribatuek konkistatutako eremuak dira, hala nola haizea neurtzeko dorrea, gertakarien inguruan kokatua», azaldu dute.

Horretaz gain, EH Bizirikek adierazi du Poliziak beste behin Mozal Legea baliatzen duela «inongo bermerik gabe militantzia bat zigortzeko, gelditzen ahalegintzeko».

«Ez, inola ere ez gaituzte isilduko, gure lurraldea defendatzea ez delako delitua, baizik eta demokrazia hutsa, biziraupenari eta benetako ongizateari lotutako demokrazia», nabarmendu dute.