Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Frankenstein agurgarria’ ikuskizunetik disko-liburua ondu dute Petti eta Ana Galarragak

Gutun musikatu bat da ‘Frankenstein agurgarria’ disko-liburua, ikuskizun bat izateko sortu eta orain CD zein paperera «mutatu» dute Ana Galarragak eta Pettik. Victor Frankensteini zuzenduta dago gutuna, garaiko zein egungo hausnarketak uztartuz.

Petti eta Ana Galarraga, disko-liburu berria eskuan.
Petti eta Ana Galarraga, disko-liburu berria eskuan. (Jon Urbe | FOKU)

«Nor da munstroa?» galderaren oihartzunak errepikatzen dira zortzi abesti eta tartekatutako testuetan, Victor Frankensteini Pettik eta Ana Galarragak eskaintzen dioten gutun musikatuan. 2022an sortu zuten ‘Frankenstein agurgarria’ ikuskizuna, eta egileen esanetan emanalditik emanaldira «mutatzen» joan da, orain, disko-liburu bihurtzeraino; ikuskizunak egiten eta mutatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu dute astearte goiz honetako aurkezpenean.

2022ko Baztango nobela beltzaren astean, (H)ilbeltzan, Pettiri kontzertua bakarka egiteko eskatu zioten, ordurako Galarraga ikuskizun bat izan zitekeenaren gidoia lantzen ari zen eta oholtzara jauzi egitea erabaki zuten. «Pandemian eskura genituen liburuak irakurtzen genituen eta nik Mary Shelleyren ‘Frankenstein’ liburua berrirakurtzeko tartea hartu nuen», azaldu du Galarragak. Eta irakurtzen ari zela, Pettiren ‘Manipulazio estrategiak’ diskoarekin loturak ikusten hasi zen.

«Gutun errezitatu bat da, Victor Franskensteini [Frankenstein sortu zuen nobelako pertsonaiari] idatzitakoa, Mary Shelleyren figura aldarrikatzen dugu, auzi etiko eta filosofikoak lantzen ditugu», adierazi du. «Atzean dagoen munstroa nor da? galdera horrek bultzatu ninduen idaztera, paralelismoak ikusten nituelako Mary Shelleyk lantzen dituen gaiak eta egun puri purian dauden gaien artean», kontatu du.

Mary Shelleyk bizitakoak egungo gaiekin harilkatzeko ahalegina egin du bikoteak, eta hala kontatu dute aurkezpenean: «Elektrizitatea oso purian zegoen garaian, teknologiarekiko lilura eta ondorioekiko beldurra. Egun adimen artifizialarekin lotu dezakegu hori. Munstroak hori gorpuzten zuen, norena da ardura? Sortu duenarena? Loturak egin ditugu gaur egunera ekarrita; lantzen dituen gaiak historikoak bezainbeste dira gure baitakoak, pertsonaren izaerarekin doazenak».

Liburua, CDa, QR-a

Disko-liburuak osotasun bat duela nabarmedu dute, liburuan testuak jasotzen dira batetik, CDan kantuak biltzen dira, «ez dira testuak girotzeko, kantuek bere garrantzia dute», zehaztu dute; eta hirugarrenik QR kodeak dira lanari osotasuna ematen diotenak. Horrela ikuskizun osoa beste modu batera bizitzeko aukera eskaini nahi dute; eta ikuskizuneko argazkiak zein ilustrazioak ere tartekatu dituzte. Pettiren esanetan, CDan biltzen diren kantuak eta ikuskizunekoak «fidelak» dira. Musikari gehiago sartzeko aukera bazegoen, baina nahiago izan zuten zuzenekoaren soiltasunean utzi. Kantu bakarrean daude musikari gehiago, ‘Bermanen mamuak’ kantuan hain zuzen ere, Anariren eta Joseba Irazokiren parte hartzea baitu abesti horrek.

Musikan bidelagunak izateaz gain, testuetan ere bidaide izan dituzte Mari Luz Esteban eta Miren Agur Meabe. Hitzaurrea idatzi baitu lehenengoak, eta bigarrenak hitzostea. Estebanek ikuskizuna ikusi ostean artistekin partekatutakoak eraman ditu paperera, eta Meaberi, berriz, Galarragak berak eskatu zion hitzostea idazteko: «Emanaldien ostean, bisak eskatzen zizkiguten, eta ez da kontzertu bat eta orduan poesia bat errezitatzen nien, Miren Agurren [Meabe] ‘Mary Shelley eta bere piano gardena’; berak izan behar zuen hitzostea idazten zuena, beraz».

Unai Arana arduratu da diseinuaz, hiru kolore nagusitu dira lanean: gorria, zuria eta beltza. Eta azalean zein barnekaldean bihotzak protagonismo handia du: «Ikuskizunean ere bihotza zentzu konkretuan dugu, bihotzei buruz hitz egiten dugu, harrizkoak dira batzuk, ‘buztinezko bihotz’’ diogu… Mary Shelleyk ere bere senarraren bihotza gorde zuen hil ondoren…».

Disko-liburua argitaratu badute ere, ikuskizuna egiten jarraituko dute, eta ikuskizunarekin batera «mutatzen». Ostegunean dute hurrengo zita, Hondarribiako alde zaharreko kultur etxean, 20.00etan, eta irriz aitortu dute: «Estreinaldia da, beti da estreinaldia aldatu egiten dugulako».