Nafarroako Parlamentuan aurrekontuak negoziatzen ari direnez, horra begira daude Oronozen Lanbide Heziketako eskola berria egitearen alde borrokan ari diren eragile guztiak. Elkarretaratzeak egin dituzte Elizondon zein Beran –bietan daude Lanbide Heziketako eskolak, baita Lekarozen ere– eta astearteko hezkuntzako greban ere presente egon zen aldarria. Horretaz gain, Xareta, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako udaletan mozioak onartu dituzte, Nafarroako Gobernuari egitasmoarekin aitzinera egiteko eskatuz. Udalek Parlamentuko Hezkuntza batzordea biltzea ere galdegin dute, egoera eta eskaria azaltzeko.
Iñigo Gorrotxategi Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendariak auzia nondik datorren azaldu dio NAIZi: «2012an hasi zen prozesua, eskualde mailako Lanbide Heziketa behar zela sumatzen zelako. 2014an, Elizondoko eskolako teilatua erori zen, eta hori baliatuta eskola berri baten aldarria plazaratu zen. 2015ean, erorketa haren ondorioz, Gobernuko Hezkuntza batzordea etorri zen eta txosten bat egin zuen. Bi puntu nabarmendu zituen bertan: egoitzaren egoera tamalgarria, eta eskualde mailako zentro bateratu baten premia».
Urte berean, mozio bat aurkeztu zuten hainbat alderdi politikok, eta aho batez onartu zuten parlamentari guztiek eskola berri bat egin behar zela. Ondotik gobernu aldaketa gertatu zen, eta Geroa Baiko Uxue Barkos izendatu zuten lehendakari, urte luzetako UPNren agintaldia bukatuta.
2019an, berriz aldatu zen Gobernua, eta PSNko Maria Chivitek hartu zuen lehendakaritza. Covidarekin geldirik segitu zuen Oronozko eskolaren egitasmoak bertze hiru urtez, eta 2023an Gobernuak proiektua aurkeztu zuten.
Bertze gobernu aldaketa bat (berriz Chivite lehendakari dela), eta 2024aren hasieran obra lizitatu zuten. Baina ez zuen inork parte hartu eta hutsik gelditu zen. Ondotik, Hezkuntzak erran zuen proiektua ukitu gabe zehaztapen batzuk eginen zituztela enpresak erakartzeko, partida bat baitzegoen aurten lanak hasteko. «Baina irailaren bukaeran jakin genuen plan hori bertan behera gelditu zela eta Hezkuntzaren asmoa proiektu guztia berritik hastea dela», agertu du Gorrotxategik.
Hiru aldarrikapen
«Proiektua berritik hasten bada, beste hainbat urte joaten ahal dira. Bitarte honetan gauza asko gertatu dira eskolan. Elizondon ez da mantenimenduko esku hartze handirik egin, beti esan digutelako eskola berria hor egonda ez duela merezi inbertsio handitan sartzea. Ikasle matrikula bikoiztu zaigu eta ziklo berriak sartu dira, beraz, leku arazoa daukagu. Larritzen joan dira hainbat gauza, eta segurtasuneko afera ez da konpondu».
Hiru aldarrikapen egiten dituzte eragileek. Hezkuntza eskaintza mantentzea da bat. «Proiektu honek aurreikusten dituen ziklo guztiak –bi izan ezik– martxan dira aspalditik, matrikula onarekin, eskualdeko beharretara egokituta. Lanbide eskola asko espezializatu egin dira, baina gurea ez, sektore ezberdinak hartzen ditu eta eskaintza erakargarria eta osatua da. Beste bi ziklo sartzen dira proiektuan: agroekologia eta informatika. Eta ziklo berriak ere gehitu dira, Haur Hezkuntzakoa kasu».
«Diru kontua da guztia, ez dute gehiago inbertitu nahi. Baina beherantz berdimentsionatzen badute, zer sobratzen da? Zer kenduko dute?», egin du galdera Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendariak.
Bigarren aldarria da proiektua mantentzea. «Anbizio handikoa zen, ona, euskaldunentzat estrategikoa. Lanbide Heziketako zentro integratu bakarra da Nafarroan dena euskaraz emanen duena», baloratu du.
«Hirugarren puntua da orain behar dugula, urte asko pasatu direlako eta gure instalazioen egoera larriagotzen ari delako».
Bi indar
«Ez dago erraz, batik bat Hezkuntza sailaren jarrera ikusita, denbora osoan proiektua boikoteatzen. Eskualdean indarra atera zen, udalek, ikastetxeek, eragile sozialek, denek bat egin zuten, eta horrekin Gobernuak egitea erabaki zuen. Baina Gimenoren estrategia batasun hori zatitzea da, bileretan ez du uzten eragile horiek guztiak joaten. Beretzat ez da erakargarria, ez da beraiena. Herentzian jaso zuten Barkosen Gobernutik. Gainera D eredukoa da. Denbora irabazten ari da, 2027ko hauteskundeetara iristeko ezer egin gabe. Hala egin zuen aurrekoan», adierazi du Iñigo Gorrotxategik.
Bertzetik, aukerak badituztela uste du. Berriz batu direlako udal guztiak, eragileak eta eskolak. Indarra egiten ari dira, eta horrek esperantza ematen die.