Aurten ospatuko duen 66. edizioa gerturatzen den bitartean, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (Zinebi) film-gordailuari buruz hasitako ikerketa-proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu ditu Arriaga antzokian Elias Querejeta Zine Eskolak. Azaroaren 8tik 15era burutuko da aurten jaialdi bilbotar honen edizio berria.
Zehazki, Zinebik duen gordailu honetan 1959 eta 2011. urteen artean ekoitzitako 16 eta 35 milimetroko proiekzioen 339 kopien bilduma dago. Eta bildumaren zatirik handiena 1974tik aurrera ekoitzitako filmek osatzen dute.
Urte horretan, garai hartako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa, gaur egun Zinebi izena duena, Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPF) nazioarteko kategoria lehiakorreko jaialdi gisa aintzatetsi zuen lehen aldiz.
Sari horrek aukera ematen zien kategoria horretako lehiaketei beren araudian film sarituak zinema jaialdiaren berezko helburuetarako gordailuan gera zitezen.
Bi urteko lana, jaialdian erakusgai
Elias Querejeta Zine Eskolan bi urtez lan egin ondoren, datu base bat sortu da, kasu gehienetan jaialdi honetan saritu zituzten tituluak direla egiaztatuz. Hala gertatu zen Studio H & S (Walter Heynowski eta Gerhard Scheumann, antzinako Alemaniako Errepublika Demokratikokoa, RDA) filmografiaren zati batekin, Santiago Alvarez funtsezko dokumentalista kubatarraren film laburrekin, eta Begoña Vicario, Pedro Olea, Montxo Armendariz, Ernesto del Rio (Zinebiko zuzendaria 1999 eta 2017 artean), Antton Merikaetxebarria, Javier Rebollo edo Juanma Bajo Ulloa euskal zinemagileen lanekin.
Artxiboak Asociación de Amistad Hispano-Sovietica elkartearen funtsa ere gordetzen du, 16mm-ko 56 dokumentalez eta erreportajez osatua.
Euskarri fotokimikoko material horiek guztiak 2018ko martxoan utzi ziren Euskadiko Filmategian, behar bezala biltegiratuta eta kontserbatuta daudela bermatzeko. 2020an hasi zen bilduma katalogatzen.
Zinebik honako hauek ere gordetzen ditu: jaialdiaren katalogoak, ‘Miqueldi/Mikeldi’-ren aleak (lehiaketak argitaratutako egunkaria), MiniDV bilduma bat eta Zinemaldiko ikus-entzunezko egunkarien DVDa –‘Zineberri’ izenekoak eta 2003 eta 2010. bitartean egindakoak– bai eta paperezko argazkiak, kartelak eta barneko eta administrazioko dokumentazioa ere.
2022-2023 ikasturtearen barruan, Elias Querejeta Zine Eskolak ‘Zinebi gordailua’ ikerketa-proiektua abiarazi zuen, Bilboko jaialdiaren historiaren azterketa kritikoa egiteko asmoz. Proiektu hau hiru lan-ildoren inguruan egituratzen da: jaialdiaren historiaren ikerketa, funtsaren identifikazioa eta katalogazioa, eta programa publikoen diseinua eta ekimenaren zabalkundea.
Proiektua abian jarri eta bi urtera, funtsa osatzen duten 339 kopien bi heren identifikatu, ikuskatu eta katalogatu dira. Zeregin hori 2025eko abenduan osatuko dela aurreikusten da. Lan horiek guztiak Santiago Aguilar proiektuaren ikertzaile nagusiaren gainbegiradapean egiten ari dira, EQZEko ikertzaileek eta ikasleek osatutako lantaldeen parte hartzearekin.
Filmen gordailuaren katalogazioaren eta analisiaren egungo egoerari buruzko xehetasun gehiago eta abian dagoen ikerketaren helburuak Bilboko Zinemaren Foro Profesionalaren esparruan aurkeztuko dira, azaroaren 12an, Bilbon, AS Fabrik. Zinebiren helburua da lan hori guztia esparru akademikotik haratago eramatea eta jendearen eskura jartzea, eta beraz, dena publikoa izango da.