NAIZ

Gizarte-bazterketa arriskuan daudenei bideratutako areto futbol taldea osatu du Union Tuterak

Union Tuterak, areto futbol talde berri baten bidez, «parte-hartzaile guztientzat espazio segurua eta hezigarria sortzea du helburu, eta komunitatean elkartasuna, berdintasuna eta integrazioa sustatu nahi du», gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei kirolean parte hartzeko aukera emanez.

Union Tuteraren areto futbol talde berria, entrenamendu batean.
Union Tuteraren areto futbol talde berria, entrenamendu batean. (Union Tutera)

Unión Tuterak pauso berri bat eman du futbola «tresna sozial indartsu gisa» ulertu eta praktikan jartzeko bidean, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonei kirolean parte hartzeko aukera emango dien areto futbol talde bat sortuz. «Inklusioa, askatasuna eta gizaki desberdinen integrazioa bultzatzen dituen tresna gisa» ulertzen dute kirol hau.

Proiektu berri hau, federazio ofizialean lehiatzeko aukerarik ez dutenentzat bideratuta egonen da, eta Tuterako ‘Tabernen Ligan’ arituko dira.

Duela lau urte jaio zen Union Tutera, kontzientzia soziala sortzeko eta kirolaren bidez bestelako baloreak transmititzeko tresna gisa. Asteazken honetan azaldu zutenez, «proiektu honek parte-hartzaile guztientzat espazio segurua eta hezigarria sortzea du helburu, eta komunitatean elkartasuna, berdintasuna eta integrazioa sustatu nahi du, eta, era berean, aisialdia eta hezkuntza uztartzen dituen ingurune bat eskaintzea».

Jakinarazi zutenez, ideia berri honetako kideak hainbat elkartetako kide dira: La Romaní, Fundación Illundain, Kideak eta Berriztukoak. Taldea entrenatzaile eta gizarte-hezitzaile batek monitorizatuko du.

«Unión Tuterak, gure babesle nagusia den, Agerraldiarekin, jokalarien izen-emate, ekipazio eta kirol-materialaren gastu guztiak ordainduko ditu; horrela, oztopo ekonomikoa sahiesteko», gehitu zuten.

Instalazio publikoen gabezia

Astero, partiduaz gain, entrenamendu bat egitea aurreikusten da, eta hiru hilabetean behin Union Tuterak osatzen duten talde guztiekin jarduera bat, horrela «jokalarien arteko loturak sendotzeko».

Hala ere, gaur egun entrenamenduak egiteko kirol-instalazio publikoen faltaren berri eman zuten. «Baina, inklusioa eta komunitatearen ongizatea bermatzeko kirol gunea eskuragarri eta aproposak aurkitzeko lanean jarraituko dugu».