CONTENIDO PATROCINADO

Zamudioko azokak gozogintza, artisautza, nekazaritza eta abeltzaintza elkartuko ditu asteburuan

Lehen sektoreak hitzordu garrantzitsua izango du Zamudion azaroko lehen asteburu honetan. Larunbatean txokolate, gozoki eta artisautza azoka ospatuko da, igandean nekazaritza eta abeltzaintza azoka, eta bi egunetan limusin arrazako abelgorri txapelketa. Guztira, 70 postu baino gehiago jarriko dira.

Limusin arrazako abelgorrien txapelketak XIX. edizioa beteko du aurten.
Limusin arrazako abelgorrien txapelketak XIX. edizioa beteko du aurten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Milaka persona espero dira asteburu honetan Zamudion, bertako Udalak antolatutako azoka desberdinetan. Larunbatean, urriak 2, goizeko 10.00etatik aurrera, X. txokolate, gozoki eta artisautza azoka zabalduko da Kotxozulo parkeko eremuan jarriko diren hainbat eta hainbat postutan. Horrekin batera, hasiera emango zaio asteburu guztian iraungo duen XIX. Bizkaiko limusin arrazako abelgorri txapelketari, goizeko 11etan egingo den emeen lehiaketarekin.

Eguerdiko 12.00etan, artisau-garagardoaren txanda izango da, Zamudioko Drunken Bros ekoizlearen azalpenekin, eta eguerdiko 14.00etan gastronomiaren txanda helduko da, indaba, txarriki eta limusin-sukalki dastaketarekin. Ticketak salgai jarriko dira azokan, goizeko 10.00etatik aurrera.

Arratsaldean egitarauak ez du etenik izango, 17.30ean limusin arrazako arren lehiaketa hasiko baita, eta 19.00etan Oxabi taldearen kontzertua. Eguna amaitzeko, iluntzeko 20.00etan idi-probak hasiko dira Zamudioko probalekuan.

Igandean, urriak 3, goizeko 10.00etatik aurrera, nekazaritza produktu, Limusin abelgorri eta Zamudioko ganaduaren erakusketa zabalduko da. Guztira, 70 postu baino gehiagotan produktu freskoak eskainiko dituzte, hala nola barazkiak, frutak eta gazta, txakolina, eztia eta euskal pastela. 11.30ean limusin arrazako abelgorrien enkantea egingo da, baita gazta eta txakolin dastaketa komentatuak ere.

Limusin abelgorrien txapeldunen aukeraketa eguerdiko 12.00etan egingo da eta sari banaketa, ordu bete beranduago. Tartean, 12.30ean, eta berrikuntza gisa, azokako emakume ekoizleen omenezko plakak eskainiko dira. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, «aurten emakumeek lehen sektorean egiten duten lana aintzatetsiko da, komunitate-sentimendua indartzeko eta landa-ingurunean emakumeek betetzen duten rola balioesteko». Ordu bete beranduago nekazaritza lehaiketako sari banaketa egingo da. Eguna amaitzeko, arratsaldeko 17.00etan, gizon-proba egingo da Zamudioko probalekuan.

Esan bezala, ekitaldi guztiak Kotxozulo parkeko azoka-esparruan egingo dira, karpa erralodien azpian.

Zamudioko azokaren erakunde laguntzailea: Zamudioko Udala.