Ez Eneko Goia eta ez Imanol Lasa ez dira Gipuzkoa Buru Batzarra zuzentzeko lehiatuko. Beraz, Maria Eugenia Arrizabalaga da gaur egun Joseba Egibarrek betetzen duen kargura iristeko gelditzen den hautagai bakarra. Donostiako alkateak bederatzi udal antolakunderen oniritzia zuen postu horretara ailegatzeko.
Ostegun honetan iragarri zuen Iñaki Iriondo NAIZeko kazetariak Goiaren erabakia, galdera bat luzatuz: «Zer pentsatuko dute babestu duten bederatzi udal antolakundeek?». Izan ere, beregan jarrita zeuden begirada asko. Hiriburuko lau batzokietatik hirutan aukeratua zuten, baita Eibar, Pasaia, Oiartzun, Usurbil, Villabona eta Zegaman ere.
Reportan que Eneko Goia ya le habría dicho a la Comisión Nacional de Control y Garantías del PNV que no optará a la segunda vuelta. Falta la confirmación oficial. ¿Qué pensarán en las nueve organizaciones locales que le han apoyado? pic.twitter.com/8wFb9J8gyR
— Iñaki Iriondo Telleria ↗️↙️ (@gara_iiriondo) October 31, 2024
Baieztapen ofiziala falta zen eta Eitb.eus-ek egin du ostiral honetan. Lasaren izena GBBko zuzendaritzako kide izateko zerrenda ofizialean ageri da eta bere kasuan hurrengo txandara igarotzea onartu duela azaldu du hedabide publikoak.
33 urteren ondotik, GBBko presidente izateari utziko diola iragarri zuen Egibarrek, eta orduan hasi zen EAJren Gipuzkoako zuzendaritzaren buru izateko pertsona hautatzeko bidea. Araban eta Bizkaian bezala, Gipuzkoan ere abian da zuzendaritza batzorde osoa aldatzeko prozesua. Nafarroan eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, aldiz, Unai Hualdek eta Peio Etxelekuk segituko dute buru, hurrenez hurren.
Jakin denez, Bizkaian EBBko hiru idazkari ohik –Josu Bergara, Belen Greaves eta Ricardo Ansotegi– dokumentu bat sinatu dute, BBB zuzentzeko hautagaien artean eztabaida ireki bat eskatuz militantzia guztiari.
Araban, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak ABBren buru izateko saiakeran aurrera egitea erabaki du, «eraikitzeko eta batzeko» asmoz eta «inoren kontra egin gabe».