Egun aizkorak bizi duen egoera honetan, esan daiteke kirol honek baduela txapeldun handi bat. Iker Vicentek ostiral honetan erakutsi du, beste behin, gaur egun aizkoran beste aurkarien gainetik dagoela. Duela astebete baino gutxiago Euskal Herriko aizkora txapelketan txapela jantzi zuen, eta gaur bertan, beste era bateko langintzan, Urrezko Aizkolarien finala aise irabazi du.
«Hasiera nahiko txukun eman diot eta esperantza nuen azkeneko proba honetan lan ona egin nezakeela eta uste dut erritmoz ondo aritu naizela eta nahiko txukun», adierazi du Vicentek proba amaitu berritan.
Bigarren txandan aritu da, Mikel Larrañagarekin batera buruz buru. Otsagabiakoa eroso eta erraz aritu da, asko estutu beharrik gabe. Hala, emozioa bigarren posturako lehian egon da. Aurreneko txandan aritutako Julen Alberdi "Txikia IV.a" eta Larrañaga beraren artean izan da bigarren posturako lehian hau. Azpeitiarrak atzetik aurrera egin du, Txikia IV.ak berak baino hobea. Aurreko ariketetan, ordea, izan du galera.
Azkenean, Txikia IV.a eta Larrañagaren artean 47 segundoko tartea besterik ez da egon azkenean, eta Hodei Ezpeleta laugarren izan da.
Aurreneko txanda horretan, Txikia IV.a eta Ezpeleta aritu dira. Azkoitiarra azkarrago aritu da; lan luzean tarte handia egin du, bi minutu eta erdi pasatxo utzi baitu atzean Ezpeleta. Eibartarra, aurreko asteburuan, txapeldunorde izan zen Euskal Herriko Txapelketan.