Trumpek hauteskundeak galduz gero, Etxe Zurira heltzeko balizko bideak
Estatu Batuetako hauteskundeetako lehia oso estu dago. Trump Harrisen balizko kopuruetara hurbildu da eta, zenbait lekutan, aurreratu egin duela iradokitzen dute datuek. Berdinketa itxura horren atzean errealitatea oso desberdina dela pentsarazten dute Trumpen asmoen inguruan dabiltzan analisiek.
Donald Trump presidente ohiak Etxe Zurira itzultzeko erabili asmo dituen baliabideen artean leudeke botoen zenbaketa trabatzen saiatzea, bozketa guztia hankaz gora botatzeko planak eta nahasmenaren ostean azken erabakia errepublikanoen menpeko Kongresuaren esku uztea, Trump izendatu dezaten urtarrilean.
Hauteskundeetatik astebete baino gutxiagora, dirudiena bezain larria da AEBetako egoera, eta, irabazi ezean, are muturrekoago bihurtzeko prest dagoela sinetsita daude herrialdeko aditu ugari.
Besteak beste, emaitzak bihurritzeko asmoa ez delako azaroaren 5ean hasiko; asteak dira Trumpek eta jarraitzaileek bozketari buruzko gezurrak, zurrumurruak eta zalantzak zabaltzeari ekin ziotela.
Demokratek adierazi dute oso erne egongo direla, ia ziurtzat jotzen baitute hauteslekuak itxi bezain laster Trumpek bere burua irabazletzat joko duela. Hala, gero iruzurra argudiatzea errazagoa luke.
Pennsylvanian 2020an gertatu zen: egunean zehar emandako botoak hautagai errepublikanoaren alde izan ziren, baina, pandemia betean, 2,7 milioi lagunek postaz bozkatu zuten, eta demokratak izan ziren gehienak.
Aurten 1,7 milioi lagunek eskatu dute posta bidezko botoa. Horietako milioi bat demokrata bezala erregistratutako herritarren botoak dira, eta milioi erdi errepublikanoenak.
Georgian ere ia hiru milioi lagunek bozkatu dute, eta zenbait konderritan balizko boto-emaileen erdiek baino gehiago eman dute botoa.
Sare sozialak «iruzurra» salatzen duten Trumpen aldekoen mezuz beteta daude, eta auzitegietan ere aurkeztu dira salaketak. Botoak zenbatzen ere hasi gabe
Kontuak kontu, errepublikanoek sistema osoa hankaz gora jarri nahi dute, dagoeneko bozkatu dutenentzat ere arauak zorroztuz eta, azken buruan, boto ahalik gehien baliogabekotzat hartzeko asmoz.
Beraz, litekeena da hauteslekuetako botoetan Donald Trump aurretik egotea lehen zenbaketan, eta posta bidezkoak batutakoan emaitzak estuagoak izatea.
Pennsylvaniako Auzitegi Gorenak arautu berri du botoa baliogabetzen dieten pertsonek aurrez aurre ere bozkatzeko aukera izatea.
Legitimazioa eta iruzurra
Sare sozialak «iruzurra» salatzen duten Trumpen aldekoen mezuz beteta daude, eta auzitegietan ere aurkeztu dira salaketak (hauteskunde egunaren ostean are gehiago izango dira, ziurrenik). Botoak zenbatzen ere hasi gabe.
Datorren asteartetik aurrera gerta litekeenaren zantzua hartzeko balio dezake. Salaketa ohikoena immigrazioarekin lotzen dute, atzerritarrek bozkatzen dutelakoan.
Are zabarrago esanda, Kamala Harrisek etorkinak ekarri dituela hauteskundeak irabazteko. Ez dago horretarako inolako frogarik, baina mezua bolo-bolo dabil, eta presidente ohiaren jarraitzaileek erabat sinesten dute.
Berriki, “Politico”-ko ikerketa sailak Trumpen taldeak hauteskunde osterako dituen asmoen berri eman du. Hauteskunde prozesuan parte hartzen ari diren dozenaka elkarrizketaren ostean, ondorioa argia da, Trumpek galduz gero ez da «soilik saiatuko hauteskundeei buelta ematen, dagoeneko horretarako oinarria prestatzen ari dira bera eta bere aliatuak».
2020arekin alderatuta, ez ditu eskura presidentea zenean zituen tresnetako batzuk. Justizia saila edo Armada, esaterako, Joe Bidenen agindupean daude.
Ordezkarien Ganbaran daukaten gehiengo txikia handitzeko eta Senatuko gutxiengoa iraultzeko asmoa dute errepublikanoek
Baina, era berean, orduko «akatsak» ez errepikatzeko eskarmentua ere badauka, eta badaki are garrantzitsuagoa zaiola, lau prozesu judizial irekita baititu.
Etxe Zurira itzuli eta auzibideak bertan behera uzteko aginduko dio Justizia Sailari. Osterantzean, auzipetzeak –eta balizko zigorrak– ezingo ditu askoz gehiago atzeratu.
Ordezkari otzanak behar ditu
Hauteskundeak iraultzeko, itsu-itsuan jarraitzen dioten ordezkari errepublikano mordo bat behar ditu, bai estatu lehiatuetako ardura postuetan, bai Washingtongo kongresuan. Izan ere, Trumpen diskurtsoa erostea eta harekiko leiala izatea gauza bat da, eta oso bestelakoa haren aginduetara hauteskundeetako emaitzak zertifikatzeari uko egitea.
“Politico”-k sei urratseko prozesua aurreikusi du Trumpek hauteskundeak bereganatzeko, betiere emaitza estu balego. Harrisek nabarmen irabaziko balu, zailagoa litzateke errepublikanoen kopuru handi batek men egitea presidente ohiaren gurariei.
Lehen urratsa abian da, eta hauteskunde gauean errepikatuko luke «iruzur masiboaren» mezua. Prozesuan mesfidantzaren hazia ereinda, hauteskunde zenbaketa bera nahastea letorke hurrena.
Estatu bakoitzak bere sistema eta prozedurak ditu, baina denek bidali behar dituzte emaitza zertifikatuak Washingtonera abenduaren 11rako. Estatuko gobernadoreak egiten du hori, konderrietako zenbaketak bilduta, estatu horretako hauteskunde kolegioko botoak norentzat diren zehaztuz.
2020an Michigan, Georgia eta Arizonako arduradunei presio egin zien Trumpek, arrakastarik gabe. Aurten, zenbait konderri errepublikanotan guztiz otzanak diren arduradunak egotea lortu du.
Emaitza estu balego, erraz irudika liteke Trump «iruzurra» aldarrikatzen, boto eskubide gabeko etorkinek parte hartu izana salatzen, eta bere jarraitzaileak hauteskundeez arduratzen diren funtzionarioen aurka protestaka. Testuinguru horretan gobernadorearen esku geratzen da emaitzak berrestea eta garailearen aldeko hautesle zerrenda bidaltzea Washingtonera.
Abenduaren 17an Washingtonen bilduko dira gobernadoreek bidalitako zerrendetako hautesleak, hautagaietako baten alde egiteko. Historikoki urrats burokratiko eta aspergarria izan da, inoiz historia liburuetarako geratzen den boto sinbolikoren bat egon izan da, eta hori zen dena. Aurten, iruzur salaketak baleude, tentsioa izugarria izango da.
Hauteskundeetan hautatutako kongresista berriek urtarrilaren 3an hartuko dituzte karguak. Egun Ordezkarien Ganbaran daukaten gehiengo txikia handitzeko eta Senatuko gutxiengoa iraultzeko asmoa dute errepublikanoek, Trumpek ezinbestean beharko ditu ordezkari otzanak, bozketa galduta ere bera garaile izendatu dezaten.
Eta ordura arteko bidean nahasmena gailendu bada, eta hautagai baten aldeko ordezkari zerrenda nahikorik egon ezean –sekula ez da halakorik gertatu–, Kongresuaren esku geratuko litzateke presidentea nor izango den ebaztea. Errepublikanoek gehiengoa duten Ordezkarien Ganbera batean, denak Trumpekiko leial baleude, hura hauta lezakete.
Duela gutxi arte politika-fikzioa zirudien horrelako Parlamentu kolpe batek. Gaur egun, ez hainbeste.