Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Will Bosi 9a mailako lau boulder eskalatu dituen lehen eskalatzailea da

Joan den urriaren 19an, ‘Spots of Time’-rekin, eskoziarrak zailtasun horretako bere azken blokea egin zuen. Bigarren igoera izan da. Denera, zortzi ekinaldi behar izan ditu mugimendu guztiak menderatzeko eta arrakasta izateko.

Muturreko boulderraren ibilbidea oso bitxia izaten ari da. Azken hamarkada luzean, adibidez, 8c+ zailtasunak egoera oso nahasia bizi izan du. Makina bat proposamen egin ziren. Ondoren, horietako askok maila horretan «baimena» jaso zuten; beste batzuek, aldiz, ez. Jakina, hurrengo urratsa bederatzigarren esfera zen, eta lehenbiziko 9a heltzeko urte asko igaro ziren.

Nulla Hukkataivaleren ‘Burden of Dreams’ iritsi arte. Hortaz, finlandiarra izan zen esfera hori zabaldu zuena. 8c+ mailan ez bezala, azken urteotan 9a-ko proposamenak oso azkar ugaritu eta baieztatu dira. Beste era batera esanda, azken maila horretan ez da hainbeste nahasmenik egon.

Aurreratu dugun horrek guztiak, adibidez, hitza ematen digu hurrengo protagonistari tarte zabala egiteko. Will Bosi dugu. Bada, espezialista eskoziarrak 9a mailako lau bloke lortu ditu. Hori erdiesten munduko lehen eskalatzailea da. Laugarren eta azken 9a ‘Spots of Time’ (Lake District, Ingalaterra) izan da. Joan den otsailean, Aidan Roberts espezialista handiak bloke hori ikusi, aztertu, pausuak atera eta lehen igoera egin zuen. Ingelesak 9a proposatu zuen. Boulder hori, gainera, Erresuma Batuko zailena bihurtu zen.

Halere, Robertsek berak zalantzak izan zituen proposamen hori egiteko: «Denbora asko hartu nuen zailtasun horren inguruan hausnartzeko. Zintzotasun guztiarekin nire iritzia emango dut: ‘Spots of Time’ 9a da. Maila bera duten eta probatu ditudan boulder batzuekin alderatu dut. Batzuetan gertatzen zait helburu baten aurrean bakarrik jarduten dudala, eta inguruko eskalatzaileen iritzia behar dut. Baina diodan bezala argi dut 9a dela».

Bosi bloke horren lehen errepikapenarekin egin da. Eta, gainera, oso azkar; soilik bederatzi bisita egin behar izan ditu behin betiko arrakasta lortzeko. Eta hori urriaren 19an izan zen.

Oso estetikoa

Bosik aurreratu du gogo handiz zegoela Robertsen boulder hori probatzeko, besteak beste, marra ikaragarri ona iruditu zitzaiolako: «Aidanek lehen igoera egin zuenetik, beti egon naiz ekinaldiak egiteko gogo izugarriekin. Oso dibertigarria izan da prozesua. Eta hori diot nire metodoak aurkitzeko gogor borrokatu behar izan dudalako. Bitxia izan daiteke esaten dudana; izan ere, boulder horrek muturreko pare bat helduleku ditu. Oso teknikoa da, eta mugimendu bakoitzak denbora asko eskatzen du bertsio egokiena bilatzeko. Zalantzarik ez dut: ‘Spots of Time’ bloke zirraragarria da. Horrekin batera aipatu nahiko nuke ingurua oso lasai batean kokatuta dagoela. Harkaitz handi horrek soilik marra hori du eta dituen heldulekuak perfektuak dira’.

Robertsek Helvellyn-en (Lake District) dagoen ‘Spots of Time’-rako egin zuen proposamenaren inguruan, eskoziarrak baieztatu du bere kidearen iritziarekin bat datorrela: «Lehenik eta behin esan behar dut ‘Burden of Dreams’-ek dituen ezaugarri batzuekin antza handia duela. Hori esan eta gero, uste dut nire metodoa Aidanena baino errazagoa dela. Norberak bere estiloa du, eta ‘Spots of Time’ biontzat oso egokia da. Bide batez azpimarratu nahiko nuke boulder hori munduko onenetarikoa dela eta espero dut beste espezialista batzuk erakartzea».

Argi eta garbi dagoena da Bosi muturreko boulderrean espezialista sasoikoena zein eraginkorrena dela. Horrek guztiak 9a mailan izaten ari den ibilbidean isla du. Lau ditu: Shawn Raboutouren ‘Alphane’ (Chironico, Suitza, 2022), Nalle Hukkataivalen ‘Burden of Dreams’ (Lappnor, Finlandia, 2023), Daniel Woodsen ‘Return of the Sleepwalker’ (Red Rocks, AEB) eta aipatu dugun ‘Spots of Time’. Azken biak aurten sinatutakoak. Hortaz, 9a mailako lau bloke lortu dituen munduko lehen eskalatzailea bihurtu da Simon Lorenzi (hiru 9a) eta Robertsen (hiru ere) aurretik.