Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Asteburu zail eta gogor honetan jokatu behar ez zen partida irabazi du Realak Sevillan (0-2)

Gehienbat Valentzian gogor jo duen DANAgatik Realaren Kopako partida bertan behera geratu zen ostegunean; ez, ordea, Sevillan Ligan jokatu beharrekoa. Hala ere, Take Kuboren gol ederrak eta Oyarzabalen penalti batek garaipena eman die txuri-urdinei etxetik kanpoko estatistika onarekin jarraitzeko.

Take Kubo golegilea, Sevillako atzelari bati iskin egiten.
Take Kubo golegilea, Sevillako atzelari bati iskin egiten. (AGENCIA LOF)

Sevillara joan aurretik, Imanol Alguacilek argi eta garbi esan zuen bera jardunaldi osoa bertan behera uztearen aldekoa zela. DANAk gehienbat Valentzian gogor jo du eta bertara bideratutako esfortzuak %100ean izan behar dute. Kopan ostegunean Joveren aurka jokatu beharreko lehen kanporaketa atzeratu egin zen –txuri-urdinek oraindik ez dakite noiz jokatu beharko duten–, baina Ligak gainontzeko partidak jokatzeko baimena eman du asteburuan.

Hala, Realak Sevillara bidaia egin du igande honetan Ramon Sanchez Pizjuan zelaian jokatzeko, eta partida oso serio bat eginda, garaipen oso garrantzitsua lortu du Ligan puntuak biltzen jarraitzeko eta datorren osteguneko Europa Leagueko lehiara begira. Take Kubo, 34. minutuan egindako jokaldi eder batekin, eta Mikel Oyarzabal, penaltiz, izan dira golegileak.

Jokalarien gogoa ziur aski benetan behar zutenei laguntzeko prest egongo zen, baina behin partida jokatu behar zutela ikustean, donostiarrek lehian zentratu zituzten indar guztiak eta maila oso ona eskaini dute Ramon Sanchez Pizjuan futbol zelaian.

Imanolek, 4-1-4-1 sistemarekin, hasieratik zelairatu ditu Take Kubo eta Javi Lopez. Hala, Sergio Gomez eskerretik aritu da, aurrerago, eta japoniarrak kontrako aldean egin du, eskuinetik. Aurrean, berriz, Mikel Oyarzabal aritu da Oskarsson islandiarraren ordez.

Eta Realak oso ondo mimatu du baloia lehen zatian. Jokalari guztiak partidan sartuta zeudela ikusten zen. Taldekide guztiei paserako aukera ezberdinak eskaintzea edozein futbolarik nahi duena izaten da, eta lan hori oso ondo egin dute txuri-urdinek.

Gainera, Kubori gogo bereziekin nabaritzen zitzaion hasieratik, eta japoniarra horrela dagoenean geldiezina izaten da. Lehenengo aukera berea izan da, hirugarren minutuan, ezkerretik barrura eginda, baina baloia kornerrera bidali dute atzelariek.

Bitartean, Sevillak lehen aldaketa egin behar izan du 25. minutuan, derrigortuta, Idumbo lesionatu delako. Bere ordez Jesus Navas zelairatu da eta Sevillak baloiaren jabetza gehiago izan du. Hala ere, Realak kolpea eman du 34. minutuan Kuboren golarekin. Zubimendik pasea eman dio, atzelarien lerroa oso ondo mantentzen ari zen japoniarrak eskuinean jaso, pixkanaka barrura sartu eta area barruan gola egin du.

Honek min handia egin dio etxeko taldeari. Beste jokaldi batean, Zubimendik baloia lapurtu eta Kubori eman dio, baina asiarra oso motel ibili da atzelarien aurrean.

Eta lehen zatia amaitu baino lehen, Sucicek ezkerrez bidalitako kanioikada gora joan da oso gutxigatik.

Dena kontrolpean

Realak golak ematen duen lasaitasunarekin hasi du bigarren zatia. Udan iritsi diren jokalari berrien artean, badirudi Sergio Gomez gero eta konfiantza gehiagorekin dagoela. Gainera, bere ezker goxo horrekin, badaki mina egiteko gai dela. Hala, halako batean, zelai erditik ere saiatu da, baina baloia atezainaren eskuetara joan da.

Minutu bat beranduago, gaurkoan protagonismo gutxiago –baina langilea– izan duen Brais Mendezek izan du aukera, baina Kuboren paseaz area kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan da.

Jokoa berdintzen hasten zen momentuan epaileak VARa kontsultatu eta penaltia adierazi du. Mikel Oyarzabal kapitainak ez du hutsik egin eta 0-2koa ipini du 68an.

Entrenaitzaileek aldaketak egin dituzte eta Iheanacho 1-2koa egiteko oso gertu egon da. Imanolek, ordea, Olasagasti eta Magunazelaia gazteei eta lesioa ostean minutuak behar dituen Aiheni eman die aukera, aldagela kudeatzea ere garrantzitsua delako.

PARTIDAKO FITXA:

0 - Sevilla: Alvaro Fernández; Carmona, Marcao (Sow, min.73), Kike Salas, Pedrosa; Gudelj, Juanlu (Isra, min.73), Lokonga (Peque, min.80); Lukebakio, Idumbo (Jesus Navas, min.25) eta Isaac (Iheanacho, min.80).

2 - Real Sociedad: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez (Aihen, min.93); Zubimendi, Brais Mendez (Olasagasti, min.80), Sucic; Oyarzabal (Oskarsson, min.80), Take Kubo (Becker, min.80) eta Sergio Gomez (Magunazelaia, min.90).

Golak: 0-1, min.34: Take Kubo. 0-2, min.68: Oyarzabal, penaltiz.

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz (Galizia). Txratel horia atera die Isaac (min.11) eta Sergio Gomezi (min.76).

Gertakariak: Lehen Mailako 12. jardunaldia, 37.619 ikusleren aurrean Sevillako Ramon Sanchez Pizjuanen jokaturikoa.