NAIZ

Ana Galarraga, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ohorezko mugarri

Ana Galarragak jasoko du Rikardo Arregi Kazetaritza eta Komunikazio Sarien ohorezko mugarria, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Azaroaren 27an izango da sari hauen banaketa ekitaldia Andoainen.

Ana Galarraga, Pettirekin, ‘Frankestein agurgarriak’ liburuaren aurkezpean, Donostian urriaren 29an.
Ana Galarraga, Pettirekin, ‘Frankestein agurgarriak’ liburuaren aurkezpean, Donostian urriaren 29an. (Jon URBE | FOKU)

Azaroaren 27an izango da Rikardo Arregi Kazetaritza eta Komunikazio Sarien banaketa ekitaldia Andoainen eta orduan jakingo dira nortzuk diren irabazleak. Dena den, antolatzaileek Ana Galarraga ohorezko mugarria jasoko duela aurreratu dute.

Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, 1960) Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatua da eta zientzia-komunikazioan aritzen da batik bat Elhuyarreko zientzia ataletik. Zehazki, Elhuyar zientzia-dibulgazioko aldizkariaren eta zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen Uhin Ultramoreak podcastaren zuzendarikidea da, eta hainbat hedabidetan argitaratzen du: Elhuyarren zientzia.eus atarian eta ‘Berria’ egunkarian esaterako, baina baita Mastodon.eus eta X/Twitter plataforma digitaletan ere. «Dibulgatzaile jori eta eskuzabala da», nabarmendu dute. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak Galarragak idatzitako 250 artikulu baino gehiago biltzen ditu.

«Hiru eremu dira nabarmentzekoak, gutxienez, Ana Galarragaren ekarpenean: lehenik, desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia-dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dugun arren oraindik ere erresistentziak –erresistentzia eraberrituak– eragiten dituen gaia ere baden garaiotan; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan (prentsa, hitzaldiak, podcasta, plataforma digital komertzial zein libreak, eta beste)», azaldu dute antolatzaileek.