Avanza Gipuzkoa enpresako langileek bat egin dute ELAk, UGTk, LABek eta Aurrerak deitutako hiru greba egunekin. Jarraipena «erabatekoa» izan dela nabarmendu dute. Izan ere, gutxieneko zerbitzuak kenduta, linea bakar batek ere ez duela lan egin baieztatu dute sindikatuek.
Guztira, Donostia-Bilbo-Gasteiz, Debagoiena eta Debabarreneko lineetako 300 langile zeuden grebara deituta.
Salatu dutenez, negoziazio mahaian ia lau urte eta 32 bilera egin ondoren, ez dago plantillaren erreklamazioei erantzuten dien eskaintzarik.
«Europako beste herrialde batzuetan lanaldiak murrizten ari dira eta lan baldintzak hobetzen ari dira kontziliazioa errazteko asmoz. Avanza Movilidad Gipuzkoa SAk, berriz, egunean ordu gehiago egiteko eskatu die bere langileei, lan poltsa bat arautzeari uko egin dio eta txanda kontratuei heltzeko aukera ukatu du», salatu dute sindikatuek.
Gainera, batzordeak autobus flotaren egoera salatu du eta lan segurtasuna bermatzea eskatu.
Urrian eta azaroan deitutako hiru greba egunen «arrakasta» ikusita, enpresa batzordeak (6 ELA, 6 UGT, 1 LAB, 1 Aurrera) espero du datorren negoziazio mahaian patronalak proposamen berri bat ekartzea.
Lan baldintzak hobetuko dituen eta laneko segurtasuna bermatuko dituen hitzarmen bat aldarrikatzen dute eta, aurrerapausorik egon ezean, ez dute baztertzen greba mugagabera jotzeko aukera.