Urriaren 29an greba ziklo berri bat hasi zen sektorean, Bizkaiko Arte Grafikoetan hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin. Bost greba egunen jarraipena –urriaren 29a, 30a, 31 eta azaroaren 4a eta 5 – handia izan dela nabarmendu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, eta erreferentziazko enpresetan ekoizpena geldirik edo oso mugatuta egon dela gehitu dute. Gainera, sindikatuek CEBEKek hitzarmen duin bat adosteko garaia dela ulertzea espero dute.
Ziklo honetako grebaren azken egunean (apiriletik 12 egun izan dira guztira) mobilizazioak egin dira lehenengo Imprenta Garcinuño-n (Trapagaran), eta ondoren Bilbon. Eguna amaitzeko manifestazio jendetsua egin dute Bilboko kaleetan, patronalaren egoitzaren aurrean amaitu dena.
Bertan, sindikatuek eta sektoreko langileek erosahalmena bermatuko duen hitzarmen bat berreskuratzea eskatu dute, aplikatzeko bermeekin eta beste hobekuntza batzuekin.
«Ez dute aparteko ezer eskatzen, patronalak faltsuki adierazi duen bezala; soilik bidezkoa den gauza bat eskatzen dute, non eta urteetan prekaritatea nagusi izan den sektore batean», adierazi dute sindikatuek.
«Bada garaia Cebekek eta sektoreko enpresa garrantzitsuek –Grafo, Biolid, Garcinuño Inprimategia...– hausnartu eta mahai gainean eduki egokiak jartzeko. Hori gertatzen ez bada, borroka izango da berriro helburu horiek lortzeko bidea», azpimarratu dute.