ELA sindikatuak salatu duenez, Osasunari buruzko legea erabiliz Nafarroako Gobernuak Osasunbidea enpresa publiko bat bihurtu nahi du. Lege hori PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sinatu zuten akordio programatikoan azaltzen da eta abenduan baino lehen aurkeztu behar dela adierazten da bertan.
Sindikatuak gogoratu duenez, sortu zenetik Osasunbidea izaera administratiboko erakunde autonomoa izan da, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osa dituena. Langileak funtzionarioak dira.
Orain, ELAren arabera, Nafarroako Gobernuak egindako legearen zirriborroan Osasunbidea eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (Noploi) enpresa publikoak izango direla jasotzen da. Hori gauzatzen bada, langileak funtzionario izateari utziko diote eta kontratatuak izango dira.
Langileak, okerrera
«Osasunbidea eta Noploi enpresa publiko bihurtzeak, Nasuvinsa, Tracasa edo Salinas de Navarraren estatus berarekin, esan nahi du langileak esparru sozialeko zuzenbidearen mende geratuko direla, Langileen Estatutua erreferentziatzat hartuta, beste edozein enpresa publiko edo pribatuk bezala. Gainera, Nafarroak Osasunbideko eta NOPLOIko lan baldintzak arautzeko eskumena galduko luke, funtzionarioen baldintzak Nafarroan erabakitzen direlako, eta lan kontratuko langileen baldintzak Estatu mailan ezartzen direlako Madrildik», azaldu du ELAk.
«ELAk uste du hau Osasunbideari eta Noploir inoiz egin zaien erasorik handienetakoa izango litzatekeela. Horregatik, ELAk xedapen hori kentzeko eta osasun publikoaren sistema bere berme eta eskubide guztiekin mantentzeko eskatzen du», gaineratu du sindikatu honek.