NAIZ

Unai Lasok Eibarko Astelenan, Jokin Altunaren «herriko plazan», sorpresa eman nahiko luke

Astelena pilotalekuan partida handi ugari jokatu ditu Jokin Altunak eta Unai Lasok, aldiz, buruz buru igandean aurrenekoz jokatuko du Eibarko ‘Katedralean’. Nolanahi, Bizkarreta-Gerendiangoak «erritmoa sartzea» du xede Amezketako txapeldunari bere «ahuldadeak» azaleratzeko.

Altuna eta Laso, enegarren aldiz buruz buruko lehia baten atarian.
Altuna eta Laso, enegarren aldiz buruz buruko lehia baten atarian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Labrit pilotalekua Unai Lasoren etxea den moduan, Eibarko Astelenak jaberik baldin badauka, Jokin Altuna da bera. Amezketakoak eta Bizkarreta-Gerendiaingoak Eibarren izan dute hitzordua, igandera begira materiala aukeratzeko. Arazo handirik gabe burutu dute tramitea eta –bi pilota bizi xamar Altunak, biziago eta motelago bana Lasok–, bada, domekako finalerdia begiratzea besterik ez zaie geratu biei ala biei.

«Jokinek Astelena bere herriko plaza bezala ezagutzen du», onartu du Unai Lasok. «Ez dago sekretu handirik. Nire jokoa atera behar dut; erakutsi dut eskuinarekin ematen diodanean min ematen dudala eta horretan zentratu behar dut Jokin eroso egon ez dadin», adierazi du aurrelari nafarrak.

Altunari ahuldaderik bilatzea ez da lan erraza; izan ere, ba ote du Amezketakoak ahulgunerik inon? Nolanahi, Lasok bere jokoaren poderioz azaleratu nahiko lituzke txapeldunaren muga horiek. «Erritmoa sartu beharko dut eta Jokinek bere jokoa egin dezan saihestu, hori egin behar dut. Eskuinarekin galantak eman behar dizkiot eta bere ezkerra bilatu. Badakigu pilotari osoa dela Jokin, baina bere ahuldadeak ere hor daude eta horiek ateratzera joango naiz», berretsi du.

Unai Lasoren kasuan ahulgunerik baldin bada, Astelenea bera izan liteke; hau da, sekula ez duela orain arte buruz buruko partridarik jokatu Eibarko ‘Katedralean’; are, binaka ere Eibarko pilotalekua ez du zapaldu ere egin urtarrilaz geroztik. «Jokinek partida handiak hemen jokatu ohi ditu, baina tira, binaka jokatu dudanean lekua asko gustatu zait, erasotzen duenarentzat aproposa da-eta», laburbildu du.

Buruari buelta gutxi

Jokin Altunak, bestalde, «buruari buelta» ahalik eta gutxien eman nahi ditu igandera begira. «Partida nolakoa izango den irudikatzen aritzea alperrik da; gehiegi kezkatzen zara edo gehiegi emozionatzen zara bestela. Era guztietako partidak jokatu ditut eta edozer gauza espero dut. Ondo prestatzea eta nire maila ematea da garrantzitsuena, niretzat», azaldu du Amezketakoak.

«Irabazten ari garela ezin dugu pentsatu dena ondo ari garela egiten, ezta dena beltz ikusi ere galtzen dugunean. Ondo ari naiz, irabazten ari naiz, baina beste partida bat da hau eta biok aukera berberak ditugu», azpimarratu du, bestalde, Jokin Altunak, sarritxotan bere inguruan ezarri ohi den «garaiezintasun» irudi horri aurre eginez.

Eibarren jokatzeari buruz, onartu du «Aspeko pilotariak ohituago gaude hemen jokatzera. Lehen agian gehiago jokatzen genuen, eta gainera, Unairi entzun diot bereziki asko gustatzen zaiola pilotaleku hau, eta gainera bere jokorako frontoi oso egokia dela iruditzen zait. Frontoiak, gainera, ez du partidarik irabazten eta dena eman beharko dugu», gaineratu du.

Giharretako haustura

Bestalde, Asier Agirreri egindako erresonantzia magnetikoaren emaitzen arabera, aurrelari nafarrak giharretako haustura du eskuin hankako soleoan, eta, ondorioz, ezingo du ostiral honetan Lau eta Erdiko Serie B Txapelketako finalerdia jokatu.

Agirrek fisioterapia tratamendua hasiko du eta bere lekuan, berriz, Ander Murua arituko da. Muruak Bakaikoaren aurka Legution jokatuko du Serie B Txapelketako finalerdia ostiralean. Aldiz, Egiguren V.a eta Larrazabalen artean jokatuko dute finalerako bigarren txartela.