Donostiako Tranbia Konpainiaren «Kotxeras» ekipamenduaren azpiko berdegunean parke bat egiteko eta ez «aparkaleku erraldoi bat» aldarrikatu dute ehunka haur eta gurasok ostegun arratsalde honetan. Atergorrieta ondoko eremu horretara sartu dira protesta gisa eta «Sorleku parkea ez den ezer» ez dutela onartuko ohartarazi dute.
Azaldu dutenez, auzia pandemia aurretik dator, zehazki 2017tik. Orduan eman zituen lehen urratsak Sorleku parkea eraikitzeko prozesuak. Alubi Haurren Hiri Partaidetzarako Elkartearen proiektua Donostiako Udaleko Gazteria Ataletik bultzaturiko MartxUp! ekimenaren deialdian hautatua izan zen, eta Zurriola ikastolako 300 ikaslek hartu zuten parte, baita auzokide eta zaharretxeetako egoilar ugarik ere, eremu horretan nahi luketen parkea diseinatzen. «Orotara ordu asko sartu zituzten bertan gure ikasleek proiektu horretan», nabarmendu dute.
Proiektuarentzat zenbait urtez diru partidak onartu bazituzten ere, «azken 5 urteotan zeharo geldirik izan du Donostiako Udalak». Duela hilabete inguru, «sorpresaz jakin genuen parkerik ez, baizik eta aparkaleku erraldoi bat egitea erabaki zutela bertan», deitoratu dute.
«Ez zitzaigun eta ez zaigu onargarria iruditzen. Errespetu falta izugarria da auzoarekiko, eta batez ere, parte-hartze prozesuari beren denbora eta ilusioa eskaini zieten ehunka pertsonekiko. Donostiako Udala oso leku txarrean uzten duen erabakia da», adierazi dute.
Gogoratu dutenez, duela bi aste Donostiako Udaleko osoko bilkuran Elkarrekin alderdiak aurkeztutako mozioa onartu zen, Sorleku parkearen alde. Elkarrekin, PP, EH Bildu eta EAJ Sorlekuren alde agertu ziren, eta PSE, aurka.
«Horrek, ordea, ez du esan nahi borroka irabazia dagoenik. Enegarren aldia da, inkluso, diru partida bat onartzen dela parkea eraikitzeko, baina urtea joan urtea etorri, lur hil horretan ez dira ezer eraikitzen hasten. Gainera, jakin behar da, Udaleko osoko bilkuretan esandakoak ez direla lotesleak, alegia, adierazpen edo asmo politikoak soilik direla, eta beraz, lanak hasi arte, ezin da esan borroka hau irabazia dagoenik», ohartarazi dute.