Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Jakari 22 tanto jarraian eginda, Peio Etxeberria bigarrenez sartu da Lau eta Erdiko finalean

Txundigarria, zenoztarrak Iruñeko Labrit frontoian egin zuena kaiolako finalerdian: Jakak hasieran sei tanto segidan egin zituen, baina hortik aurrera, Etxeberria 22raino iritsi zen gelditu gabe. «Momentu onean nagoela esango nuke», adierazi du Aspeko aurrelariak.

Peio Etxeberria eta Erik Jaca, nor baino nor gehiago, Iruñeko Labriten.
Peio Etxeberria eta Erik Jaca, nor baino nor gehiago, Iruñeko Labriten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ezin hitzik topatu Peio Etxeberriak Iruñeko Labriten egin duenari. Zenoztarrak 22 tanto egin dizkio Erik Jakari, gelditu gabe, bata bestearen atzetik. Hala, Lau eta Erdiko finalerako txartela lortu du bigarrenez segidan, eta azken lau txapelketetatik hirutan finalera ailegatu da —iaz Lau eta Erdikoan Altunaren aurka galdu zuen finalean, Binakakoan txapelduna izan zen, Buruz Burukoa ez zuen jokatzerik izan, eta aurten kaiolakoan finalean da berriz ere—.

«Ikaragarria da. Orain ez naiz konturatzen. 15 urterekin ez nuen pentsatu ere egingo», adierazi du Aspeko aurrelariak, partida amaitu berritan.

Partidaren hasieran lizartzarra nagusitzen hasi da kantxan. Haren ohiko jokoa eginez, tantoak azkar eta bizi jokatuz, ahalik azkarren errematatzeko. Hamalau pilotakada bakarrik behar izan zituen Baikoko aurrelariak, 6-0 markagailuan aurretik jartzeko.

Hortik aurrera, partida zorigaiztoko ametsa izan da Jakarentzat; Etxeberriarentzat, aldiz, zorionekoa, nahiz eta hasieran martxa hartzea kostatu egin zaion. Tantoak patxadaz jokatu ditu zenoztarrak, partida gogortuta, eta alde batetik bestera mugiaraziz lizartzarra.

Neurketa berdintzearekin aski ez eta, aldea zabaldu ere egin du Etxeberriak. Lan hori egiten ari zela, epaileek inoiz hartu ez duten erabakia hartu dute Labriten. Nafarra nahiko poliki joaten da tanto batetik bestera, joera hori du, eta epaileek zigortzea erabaki dute. Atseden bat bezala kontatu diote. Zenoztarrak, ordea, ez du imintziorik ere egin erabaki horren aurrean, eta berean segitu du. 

Erik Jaka, haserre

Lehen atsedenaldi luzera 12-6 aurretik heldu da Etxeberria. Sakea hartu beharra zuen Jakak, markagailua iraultzeko. Baina Etxeberriak ez dio aukerarik eman. Jokoaren ekimena hartu du Aspekoak, eta guztiz menderatu du aurkaria. Gainera, tantoak egin ahala, sakean gehiago asmatu du nafarrak.
Tanto gogorrak ere jokatu dituzte, aipagarriena 18-6koa. 25 pilotakada jo dituzte, Etxeberriak ezkerrera eta eskuinera mugiarazi du Jaka. Akituta amaitu du lizartzarrak, burumakur.

«Pena eta haserrea sentitzen dut, dena batera. Irrigarri geratu naiz. Mailak eskatzen duenaren oso behetik. Haserre nago, eta etsita. Ez dakit zer esan... Maila oso eskasa eman dut», adierazi zuen Jakak, neurketa amaitu ondoren.

Altuna edo Laso

Zenoztarrak adierazi du «oso pozik» dagoela beste final bat jokatuko duelako: «Ikaragarria da, beste final batean nago. Etortzen dena etortzen dela, partida oso zaila izango da. Biek sekulako maila dute. Jokin Altunak zer esanik ez, eta Unai Laso uste dut puntu oso onean dagoela. 15 egun ditut prestatzeko».

Etxeberriari galdeturik ea bere sasoirik onenean dagoen, ez dakiela esan du: «Ez dakit momenturik onenean nagoen. Esango nuke pertsonalki momentu onean nagoela, asentatuta. Jokoz gaizki jartzen zaidanean, partidari buelta ematen diot. Beraz, pozik».

Bihar jokatuko dute Eibarko Astelena pilotalekuan finalerako geratzen den beste txartela. Jokin Altuna eta Unai Laso arituko dira nor baino nor gehiago. Lau eta Erdikoan lau bider jokatu dute elkarren aurka, eta denetan amezketarra izan da garailea. Gainera, azken buruz buruzko finalean Altunak irabazi zion Lasori.

Eibar Altunaren «plaza» dela esan ohi da, eta ez alferrik: hiru txapelketa nagusietako azken 12 partidetatik ez du bat bera ere galdu. Amezketarrak kaiolako bederatzigarren finala du jarraian, eta finalera iristen baldin bada, bederatzigarrena luke. Orotara, finalera sartuz gero, hamabosgarren finala izango da. 2020ko Binakako Txapelketatik finalerdi guztietara heldu da.

Hementxe atariko moduan, Unai Lasori egindako elkarrizketa NAIZ Irratian.

 

FITXA TEKNIKOA

Erik Jaka: 6

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 196 pilotakada. Iraupena: 44.05 minutu. Markagailua: 6-0, 6-22. Sakeak: 0 Jakak, eta 5 Etxeberriak. Egindakoak: 5 Jakak, eta 15 Etxeberriak. Galdutakoak: 7 Jakak eta 1 Etxeberriak. Gorabeherak: Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu dute Lau eta Erdiko finalerdietako partida.