NAIZ

70 urteko emakume bat eta haren biloba etxegabetu dituzte Erandion, Ertzaintzak babestuta

Mailegu enpresa batekin izandako zorrei aurre egin ezinik, 70 urteko emakume bat eta haren biloba etxegabetu dituzte Erandioko Astrabudua auzoan. 40 urte zeraman bertan bizitzen. Ertzaintzak kargatu eta bi pertsona atxilotu ditu etxegabetzeari aurre egiteagatik.

Ertzaintzak etxegabetzea geldiarazten saiatu diren pertsonen aurka oldartu da.
Ertzaintzak etxegabetzea geldiarazten saiatu diren pertsonen aurka oldartu da. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

70 urteko emakume bat eta haren biloba kaleratu dituzte astearte honetan Astrabuduako (Erandio) etxebizitza batetik. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazioa deitu du etxegabetzeari aurre egiteko, eta bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. 

Emakumeak %69ko desgaitasuna du eta 40 urte inguru zeramatzan etxebizitza horretan bizitzen; bideo baten bitartez azaldu duenez, duela zortzi urte mailegu enpresa bati 7.000 euro eskatu zizkionean hasi zen afera hau. Mailegu emaileek gehiegizko klausulak ezarri zizkion eta horren ondorioz interesak 60.000 eurotik gora igo ziren; gainera, bere etxea berme gisa jartzera behartu zuten. Orain, zorraren ondorioz, etxebizitza kendu diote, nahiz eta emakumeak duela sei urte salaketa aurkeztu zuen epaitegietan iruzurragatik.

Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Astrebuduako etxegabetzean. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Emakumearen diru-iturri bakarra bere alargun pentsioa da, 700 eurokoa. Horregatik, azken urteetan luzamendua aplikatu diote hainbat alditan. Azken zaurgarritasun txostena, ordea, bere aurkakoa izan da eta horrek etxegabetzea ahalbidetu du.

Erandioko Udaleko gizarte zerbitzuek emakumeari aldi baterako irtenbidea eskaini diote. Sei hilabetez sartu ahal izango da udal-etxebizitza batean, eta atzotik ditu giltzak, egonaldia beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin. Aldi berean, Lakuak irailetik ari da kudeatzen larrialdietarako etxebizitzen esleipen bat, nahiz eta prozesuak oraindik martxan jarraitzen duen.

Goizetik, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak elkarretaratzea deitu du Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian etxegabetzea geldiarazteko eta emakumeari babesa adierazteko.

Bai Udaltzaingoak bai Ertzaintzak etxegabetzeari aurre egin dioten pertsonak indarrez aldendu ditu ataritik, eta tentsio uneak bizi izan dira. Poliziaren kargetan bi pertsona atxilotu dituzte, eta Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, agenteen aurkako atentatua eta erresistentzia egotzi diete. Atxilotuetako bat anbulatoriora eraman behar izan dute, zaurituta. Beste zortzi lagun identifikatu egin dituzte eta haietako batzuk salatu. Zaurituak «asko» direla esan du Etxebizitza Sindikatuak.

10.30erako heldu behar zen etxegabetzea gauzatzeko segizio judiziala, baina ordu erdi atzeratu da. Bitartean, ertzainak atarian sartu dira. 11.00ak aldera iritsi dira segizio judiziala eta sarrailagilea eta kaleratzea burutu dute.

19.00etan elkarretaratzea egin dute ehunka lagunek Astrabuduako Josu Murueta plazan, pankarta honen alboan: «Etxegabetze guztiak gelditu!»

Etxegabetzea eta poliziaren jokaera salatu ditu EH Bilduk

EH Bilduk «sakonki» salatu du etxegabetzea eta premiazko neurriak eskatu ditu finantza gehiegikeriekin amaitzeko.

«Erabat gaitzesten ditugu pertsonen kalteberatasun ekonomikoaz baliatzen diren erakundeen abusuzko praktika horiek. Onartezina da 2024an pertsona askok bere etxea galtzea baldintza engainagarriak eskaintzen dituzten mailegu emaileen erruz. ‘Mailegu azkar’ horiek, konponbidea eskaini beharrean, zorrak larriagotzen dituzte eta milaka familia oraingoan bezalako muturreko egoeretara eramaten dituzte», adierazi du.

Gainera, EH Bilduk Ertzaintzak etxegabetzean izandako «neurriz kanpoko» polizia-jarduera gaitzetsi du, eta atxilotuak kargurik gabe berehala aske uzteko eskatu du.