Bilboko hainbat herri mugimendutako eta eragileetako euskaltzale aktibistak osatutako Guka! aurkeztu zuten ekainean, eta mugimenduak, astearte honetan, Deustuko Metro geltokiaren eskailera mekanikoetan egindako ekintza baten bidez, agertarazi nahi izan ditu Bizkaiko hiriburuan euskaraz bizitzeko egunero dauden trabak, baina baita euskararentzako dauden arnasguneak ere.
Ekintza sinboliko honetan, eskailera mekanikoaren norabidearen kontra, Bilbon euskara erabili ahal izateko korrontearen kontra aritu beharra dagoela nabarmendu nahi izan du Guka Bilboko euskaltzaleen plaza askeak.
Hala, gaurko ekimenaren bidez gogorarazi nahi izan dute «euskara erabili ahal izateko dauden trabak uneoro sufritzen dituela Bilbon euskaraz bizi nahi duen orok».
Horrela, traba horietako batzuk irudikatu dituzte Deustuko metro sarrerako eskaileretan, hala nola euskarazko aisialdiaz gozatzeko zailtasunak, administrazioan beti euskaraz artatuak izateko mugak, euskaltegietako ikasleek euskara praktikatu ahal izateko guneak aurkitzeko dituzten oztopoak edota hiriko merkataritzan eta zerbitzuetan uneoro euskarazko harremanei eusteko ezintasuna.
Gainera, «euskaldun komunitatea jasaten ari den oldarraldi judiziala» ere salatzeko baliatu dute Deustun eginiko ekintza.
Arnasguneak
Era berean, Gukak gogoratu nahi izan du Bilboko mugimendu euskaltzaleak eta euskaldun komunitateak «arnasguneak eta euskarazko harremanak zaintzeko espazioak» eraiki dituela urteotan guztiotan.
Ildo horretan, kulturgintzan, aisialdian, hezkuntzan, jai batzordeetan edo komunikabideetan, besteak beste, euskaraz lasai aritzeko sortutako guneen balioa azpimarratu dute.
Baita euskaltegien sarea egiten ari den ekarpena edo ostalaritzan zein merkataritzan sortu diren euskararentzako gune askeak ere.
Gainera, Bilboko euskaldunentzako mezuarekin amaitu dute gaur arratsaldeko ekimena: Gukako kideek batzeko eta ekiteko deia egin diete Bilbon dauden milaka euskaltzaleei.