Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Eko-telesailak’

Pablo Hernando gasteiztarraren ‘Una Ballena’ filma Green Film ziurtagiria lortzen duen fikziozko lehen film luzea da; filmaketa jasangarria burutu duten eta ingurumenarekin konprometituta dauden izenburuei ematen zaien Europako zigilu berdea da.

Apurka aldaketak egiten diren arren, argi dago zinema, oraindik ere, asko kutsatzen duen industria dela. ‘Eko-telesailak’ aipatzen dudanean, ordea, ez naiz gai zehatz horretaz ari, telesail batzuek ingurumenaren gaia nola jorratzen ari diren baizik.

Jasangarritasun rankingetan buru diren herrialdeetatik iristen diren proposamenez ari naiz: herrialde nordikoak. Beraien genero ikurra nordic-noir delakoa bada ere, azken boladan ingurumenaren gaia gidoiaren erdigunean kokatzen ari dira. Jasangarritasunarekiko eta klima-aldaketarekiko herrialde horiek dituzten kezkak islatzen dituzten istorioak dira eta planetaren babesarekin zerikusia duten dilema etiko, politiko eta sozialei heltzen diete.

Berriki, esaterako, ‘Familier som vores’ telesaila estreinatu da. Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarrak egiten duen lehen telesaila da eta klima-aldaketak Danimarkan izan ditzakeen ondorio suntsitzaileen erretratua erakusten du: itsasoaren maila asko haziko denaren aurreikuspena dago eta herrialde osoa ebakuatzea erabakiko dute.

Ez da adibide bakarra inondik inora ere; ‘Okkuper’ ere interesgarria da. Etorkizun hurbil batean girotutako egoera bat aurkezten du, non Norvegiak klima-aldaketari aurre egiteko petrolio eta gas ekoizpena bertan behera uztea erabakitzen duen. Erabaki horrek Europako herrialdeen artean energia krisia sortzen du, eta Errusiak Norvegia inbaditzea erabakiko du.  ‘Borgen’ telesailaren laugarren denboraldiak Groenlandiako petrolioa lortzeko lehia du hizpide eta energia garbietarako trantsizioari eta iraunkortasunarekin lotutako dilema politikoei heltzen die.

‘Tellus’, ‘Jordskott’, ‘Bedrag’... adibide interesgarri ugari daude. Ikusi dituzu?