Jon Ormazabal

Bakaikoa eta Larrazabal, estilo arteko talka Labriten, B-serieko kaiolako txapelaren bila

Etxarriarrak bere ofizioari etekina atera nahi dio modalitate honetako bere hirugarren txapelketa eskuratzeko. Arabarrak, ordea, bere indarra eta oldarkortasuna baliatzea izango du helburu, bigarren mailako bere hirugarren titulua lortzeko.

Joanes Bakaikoak bere ibilbideko kaiolako hirugarren txapela nahi du.
Joanes Bakaikoak bere ibilbideko kaiolako hirugarren txapela nahi du. (Jon URBE/FOKU)

Enpresa bereko, baina estilo oso desberdineko bi pilotarik jokatuko dute larunbat honetan Labriten B Serieko kaiolako txapela. 27 urterekin, Joanes Bakaikoa maila honetako pilotari zailduenetako bat da, promozio mailan lau final jokatutakoa –bi kaiolan eta beste bi kantxa osoan– eta hiru txapel jantzitakoa, Lau eta Erdiko 2018 eta 2021ekoak eta eta kantxa osoko 2018koa. Esaterako, sakandarra da azken 20 urteetan txapel hau errepikatu duen pilotari bakarra. Iker Larrazabal, aldiz, Baikoren etorkizuneko harribitxietako bat da, 22 urte eskasekin, bigarren mailako pilotarien artean, lehen mailako ateak gehien jo dituenetakoa, eta iazko binakako eta aurtengo kantxa osoko txapelak lortu ostean, hirukoa osatu nahi du kaiolakoa ere jantzita.

Baina ibilbidez ez ezik, joko estiloz ere ia antagonikoak dira etxarriarra eta Amurriokoa. Sakandarra edozeinentzat aurkari oso deserosoa da, partidetan ezer oparitzen ez duena eta tanto guztiak egin behar zaizkion horietakoa. Ofizio handiko pilotaria da nafarra, defentsa handikoa eta tantoa amaitzen ere azkenaldian aurrera pauso bat eman duena, halako partida garrantzitsuetan berme handia ematen duten dohainak.

Larrazabalen ahala

Iker Larrazabal, aldiz, ahal ikaragarriko aurrelaria da, indar askokoa eta pilota oso bizi erabiltzeko gaitasuna duena. Normalean tantoaren ekimena berak eraman beharko luke eta aurkariak dantzan ibili ohi ditu. Bere jokoa oso da oldarkorra eta horrek sarri behar baina akats gehiago egitera eramaten du. Horixe bera gertatu zitzaion aurten, enpresak Zubizarretaren aurka lehen mailako atarikoa jokatzeko aukera eman zionean. Amurrioarrak tanto gehienen aginte makila izan zuen, baina opari gehitxo egin zizkion Iraitz Zubizarretari eta ataundarrak etekin ikaragarria atera zien.

Labriteko finalean bere erritmoa ezartzeko gai denak, Bakaikoak horretarako pilota motelagoak aukeratu zituen asteartean, txapelaren zati handi bat bere buru gainean jarriko du.