Teknologia berriak baliatuz, EROSKI sendo aurrera egiten ari da bere berrikuntza planetan. 2023an, Estatu espainoleko sektoreko lehen enpresa izan zen bere online supermerkatuan Adimen Artifizial Sortzailean oinarritutako laguntzaile bat abian jartzen. Orain, ekimen hori urteko Adimen Artifizial Sortzailearen berrikuntza alorreko sei hautatuetako bat izan da Innobasqueren 13. Global Innovation Day 2024 egunean. Teknologia horrek aurrerapen esanguratsua suposatzen du bezeroen arretan eta erosketa prozesua optimizatzeko orduan.
Laguntzaile tradizionalak Adimen Artifizialean eta hizkuntza naturalaren prozesamenduaren teknologian oinarritzen dira, eta, horiek ez bezala, Adimen Aritifizial Sortzaileak erantzun ulerterrazagoak eta zehatzagoak ahalbidetzen ditu, datu bolumen handiekin entrenatzen delako eta algoritmoak eta ikaskuntza automatikorako teknikak erabiltzen dituelako, hizkuntza aztertu eta hobeto ulertzeko.
BEZEROEN ESPERIENTZIA HOBETU
Datuek erakusten dutenez, kontsumitzaile digitala gauekoa da, online transakzio komertzialak neurri handi batean ordu horietan egiten dituelako, hau da, telefono bidezko arreta zerbitzua martxan ez dagoen orduetan. Testuinguru horrek bultzatu du OpenAI ikerketa laborategiak garatutako Adimen Artifizial Sortzailean oinarritzen den laguntzaile berritzailearen garapena, erabiltzaileen kontsultei erantzuteko eta erosketa esperientzia hobetzeko.
Laguntzaile birtuala erosketa prozesuari buruzko kontsulta orokorrak denbora errealean erantzuteko diseinatuta dago, baita eskaintzei, produktuen bilaketei edo errezeta gomendioei buruzkoak ere.
EROSKIk hiru funtsezko premisa txertatu ditu sistema berritzaile honetan. Alde batetik, Adimen Artifizialaren gobernantza etiko zorrotza; horrela, bermatuta geratzen da gardentasuna izango dela, erantzunak ematerakoan, datuen eta algoritmoen erabileran eta ager daitezkeen joera okerrak zuzenduko direla, auditoretzen bitartez eta testuingurua mugatuz. Beste alde batetik, euskarazko solaskidea dakar; izan ere, EROSKI online da eduki guztiak hizkuntza horretan dituen e-commerce bakarra. Azkenik, produktu osasungarrien gaineko gomendioak ere egiten ditu.
BALIO ERANTSIA
Global Innovation Day 2024 eguneko aurkezpenean, EROSKIren Online Negozioko zuzendariak, Mari Mar Escrigek, hauxe nabarmendu du: «EROSKIk beti berrikuntzaren aldeko apustua egin du, etengabeko hobekuntza lortzeko motore bezala» eta balioa eman die «Adimen Artifizial Sortzailearen onurei, bai erosketa esperientzia hobetzeko, baita konbertsio tasan zein bezeroaren asebetetze mailan eragiteko ere».
EROSKIren laguntzaile birtuala darabilten pertsonen %70ek baino gehiagok bikaintzat jo dute esperientzia, eta abiadura, zehaztasuna eta erabiltzeko duen erraztasuna nabarmendu dituzte bertute nagusien artean.
EROSKIk teknologia horren potentziala esploratzen jarraitzen du, beste plataforma eta kanal batzuetan integra litekeelako, hala nola Whatsappen edo telefono zerbitzuan; horrela, balio erantsia eman ahalko litzaioke erosketa prozesuko zenbait etapatan.