NAIZ

Osakidetza eta Osasunbideko langileen erdia baino gehiago behin-behinekoak dira, ELAren arabera

ELAk Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoari buruzko txosten bat plazaratu du. Bertan jasotzen dira «lehen arretaren eraispena» eta Osakidetza eta Osasunbidea berreraikitzeko neurrien proposamena. Osakidetzako hauteskundeetan bere burua eskaini du sindikatuak alternatiba gisa.

Aitor Murgia, Esther Saavedra eta Amaia Muñoa ELAko kideak, osasun publikoari buruzko txostena aurkezten.
Aitor Murgia, Esther Saavedra eta Amaia Muñoa ELAko kideak, osasun publikoari buruzko txostena aurkezten. (EUROPA PRESS)

ELAk Hego Euskal Herriko osasungintza publikoaren inguruko txosten bat aurkeztu du. Bertan Osakidetzak eta Osasunbideak dituzten arazoen diagnostiko bat jasotzen da, baita kalitatezko osasun sistema publiko baterantz jotzeko egiten dituen proposamenak ere. Prentsaurrekoan hitz egin dute Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak, Esther Saavedra ELA-Osakidetzako arduradunak eta Aitor Murgia Azterketa Bulegoaren buruak.

Inbertsio urriak osasun publikoa okertzen duela eta osasungintza pribatuari atea irekitzen diola nabarmendu du Murgiak. Esan duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «inbertsio gabezia jarraitua» 2025eko aurrekontu proiektuan ere agerian geratu da, %0,35 soilik handituko baita 2024ko aurrekontu eguneratuaren aldean, hau da, ekonomia oro har (BPG) edota inflazioa (KPI) baino askoz ere gutxiago. Inbertsio maila apal horren ondorioz, EAEko osasuneko gastu publikoa Europar Batasuneko batez besteko maila baino 2.000 milioi euro txikiagoa da.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren Aurrekontu proiektuak 1.502,2 milioi euro bideratuko ditu 2025erako (behin MRR funtsak kenduta), 2024ko behin betiko kreditua baino 14,3 milioi gehiago (%1). Aurrekontu hori 2025erako aurreikusitako BPGaren %5,3 da, 2024an baino 0,2 puntu gutxiago.

Deigarria da ELArentzat osasuneko gastuak ekonomia osoan izan duen pisu erlatiboaren galera: 2010ean osasuneko gastua BPGaren %5,6koa zen, eta 2020an, %6koa. Haatik, ordutik hona BPGaren 0,7 puntu galdu ditu, 197 milioi euro adina.

Lehen arretan «kalitate galera handia»

ELAk adierazi duenez, horren emaitza da lehen arretan «kalitate galera handia» gertatzen dela. Eman dituen datuen arabera, Osakidetzan kontsulta ez presentzialek egundoko pisua dute (kontsulta guztien %40 dira), itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira, eta batez beste kanpo kontsulta bat izaterako 82 egun joaten dira, edo 62, ebakuntza kirurgiko baten kasuan.

Gaineratu duenez, azken urteetan egin diren langileen murrizketak finkatu egin dituzte; udan, aste santuan eta gabonetan ez da ordezkapenik egiten. Nafarroako erizain ratioa 1.000 biztanleko 6,88koa da, eta EAEn, 4,78koa. Medikuei dagokienez, Nafarroako ratioa 1.000 biztanleko 2,51ekoa da, eta EAEkoa, 1.000 biztanleko 2,42koa.

Osasunbideak emandako datuetan ez dira bereizten aurrez aurreko kontsultak eta ez presentzialak. Hala ere, ondorio bat atera du sindikatuak: «2023ko bilakaera EAEkoaren antzekoa izan da. Hain zuzen, nabarmena da medikuntza orokorreko kontsulten %1,9ko jaitsiera (2022an 2,77 milioi izan ziren, eta 2023an, 2,71 milioi), edota ospitaletako kontsultena, hala hasierakoak (%2,7 gutxiago izan ziren) nola segidakoak (hauek %1,7 jaitsi ziren)».

Hemen ere itxaron zerrendak «guztiz luzatu» dira. Estatistikek jasotzen duten itxaronaldia Osasunbidean espezialitateko kontsultetarako batez beste 90 egunekoa da (2024ko irailean), eta 99 egunekoa ebakuntza kirurgiko baterako. Gainera, kopuruok azkenaldian gero eta handiagoak dira.

Lehen arreta egoera benetan larrian dagoela baieztatu du sindikatuak. «Sistema publikoak erantzuten ez duenean –ohartarazi du Murgiak–, osasun pribatuaren negozioari bide ematen zaio. Hainbat etengabeko arreta gune (EAZ edo PAC) ixteak, itxaron zerrendek edota osasun zentroetako ordutegien murrizketak aseguru pribatuen hazkundea dakar».

Nafarroako 11 ospitaletatik 6 pribatuak dira, eta EAEko 39 ospitaletatik, 13 (Osasun Ministerioaren Ospitaletako Estatistikak, 2021).

Langileen baldintzak, «jasangaitzak»

Esther Saavedra ELA-Osakidetzako arduradunak gogoratu duenez «kalitatezko zerbitzu publiko bat izateko ezinbestekoak dira lan baldintza onak. Osakidetzan enpleguaren ezaugarri nagusiak dira %54ko behin-behinekotasuna (aldiz, sektore pribatuan batez besteko maila %19,8koa da), %14,6ko partzialtasuna, eta erosahalmenaren %20ko galera 15 urtean».

Egiturazko arazo hauek gorabehera, «Osakidetzako lan baldintzen Akordio Arautzailea ez da duela 15 urtetik berritu, eta ez dago negoziatzeko kulturarik; inposizioa ohikoa da». Horrenbestez, Saavedrak aipatu du datorren azaroaren 28an izango direla Osakidetzako hauteskunde sindikalak. Azkenekoz duela 10 urte baino gehiago izan ziren.

Oraingoan langileek 361 ordezkari hautatuko dituzte, egun direnak baino 45 gehiago. ELA da esparru guztietan hautagaiak aurkeztu dituen sindikatu bakarra. Zehazki 1.600 hautagairen sinadurak bildu ditu.

«ELA klase-sindikatu bat da –nabarmendu du Saavedrak– eta hauteskunde sindikal hauetara doa sinesmen batekin: kategoria guztiak dira beharrezkoak Osakidetzak bere zerbitzua eman ahal dezan. Eta uste dugu osasungintza publikoa bere onera etorriko dela kolektibo guztien lan baldintzen hobekuntzatik abiatuta».

Osasun Itunak ez du Osakidetzan funtsezko aldaketarik eragingo Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak esan duenez. «Eusko Jaurlaritzaren propagandarako foro bat sortu da, eta hor gobernuari legitimazioa ematen diote beste antolakundeek, besteak beste sindikatuek; hauek Confebaskekin, PPrekin eta unibertsitate pribatuekin diagnostiko bera partekatu dute».

Nafarroari dagokionez, 2023an Osasunbideko lantaldea 11.576 lagunek osatzen zuten, %80 (9.258) emakumeak. Osakidetzan ez bezala, emakumeak erakundeko postu guzti-guztietan dira gehiengoa. Plantillaren erdia baino gehiago behin behinekoa da. Lantaldeko 11.576 lagunetatik 5.590 dira finkoak. Honenbestez, Osasunbideko lantaldearen erdiak baino gehiagok (% 51,7ak) aldi baterako kontratua du, 5.986 pertsona baitira egoera
horretan.

ELAk azpimarratu du aldi baterako kontratua duten emakumeen ehunekoa (%81,7) Osasunbidean kontratu finkoa dutenen ehunekoa ( % 78) baino handiagoa dela oraindik. Gainera, Osasunbideko bost langiletik batek lanaldi partziala du. Erosahalmenaren galera izugarria da. Zehazki, 2011tik Osasunbideko langileen soldata KPIa baino %15,8 gutxiago igo da.

Proposamenak

Txostenean, hainbat proposamen egiten ditu ELAk osasun publikoa hobetzeko. Honakoak dira: «Pobrezia eta desberdintasun sozialak murrizteko neurriak; aurrekontuak handitzea Europar Batasuneko batez besteko mailara iristeko; Lehen arretan gehienez 24 ordutan iristeko bermea; itxaron zerrendak moztea; osasun mentala indartzea; sare publikoaren garapena eta sare pribatuak hura baliatzeko joerari aurre egitea; osasungintza publikorako sarbide unibertsala; aparteko orduak amaitzea;  langile kopurua gehitzea eta lan baldintzak hobetzea; euskara bermatzea eta gizartearen parte-hartze handiagoa izatea.