Duela hamar urte giza kateen bidez Euskal Herria lotu eta elkartu zuen bezala, oraingoan bideoz osatutako katea antolatu du Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidearen eta herri nortasunaren alde. Goizetik hasita herri gisa ditugun berezitasunak biltzen dituzten bideoak erakusten ari dira. NAIZen zuzenean jarraitzen ahal da maratoia. Gure Eskuren kanalean eta Hamaika Telebistan ere bai.
Eguerdian, Bilboko Azkuna Zentroan, «herri adierazpen garrantzitsu bat» plazaratu dute, Euskal Herri osoko ehundik gora lagunek sinatua, eta mobilizazio deialdia ere aurkeztu dute. «Gure herriarentzat etorkizun hobea amesten dugu, eta posible ikusten dugu», baieztatu dute Izortze Santin irakasle eta ikertzaileak eta Xabier Euzkitze bertsolari eta kazetariak. Euskaraz irakurri dute agiria, Euskal Herriko aurpegi ezagunez, artistaz eta herritarrez betetako Alhondigan.
Jakitun dira erronka konplexuak ditugula aurrean, eta «iragana irakaspen kutxa» gisa hartuz, «hurrengo belaunaldiei bizimodu hobea eraikitzeko anbizioa» dutela azaldu dute.
«Borondate irmoa»
Herri erronkei erantzuteko «jauzi baten beharra» sumatzen dute. «Erabakitzeko ahalmen gehiago eta handiagoa behar dugu (...) Euskal herritarroi dagokigu zehaztea gure autogobernu maila, eskubidea daukagu etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko».
Adierazi dutenez, «gure lurra, euskara, euskal kultura, ez daude mehatxuetatik libre, arriskutik kanpo. Defendatzeko baliabideak falta ditugu, baita etorkizun parekide, justu, orekatu eta jasangarriagoa eraikitzeko ere. Bada garaia gure erabakitze eskubidea sendotu eta blindatzeko. Burujabetza espazioak irabazteko. Gaitasuna izan badaukagu, baita gure burua guztiz gobernatzeko borondate irmoa ere, inoiz baino gehiago».
Elkarrekin, arinago eta urrunago
Irekita dauden prozesu politikoek herri libre bat eraikitzeko balio behar dutela azaldu dute. Horregatik, tresna juridiko-politikoak zehazteko eta indarrean jartzeko deia egin dute.
Bizi dugun oraina aldakorra da eta, hein handian, ziurgabea ere bai. Hala ere, «gure esku dago eskubide gehiago lortzea», berretsi dute. «Burujabetza osoa erdiesteko garrantzitsuena bidea urratzen jarraitzea da, gure indar guztiekin bultzatuz, denok elkarrekin eta batera, hala iritsiko gara arinago eta urrunago».
«Herri gobernantza berri bat» antolatzera animatu dute, lurralde guztietako indarrak batuz, bakoitzak bere alea jarriz, agintariek, erakundeek eta herritarrok.
Ekainak 7
Kalean ere indarrak batzeko beharra ikusten dutenez, datorren ekainaren 7an ‘Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki’ leloa izanen duen mobilizazio erraldoian parte hartzera gonbidatu dituzte euskal herritar guztiak. Bilbon da hitzordua «herri oso bat martxan irudikatzeko».
Dantzaz gozatu ahal izan da ekitaldian, eta agiria irakurtzen zuten bitartean, Eider Eibarrek ilustrazio bat egin du zuzenean. Kantu baten ondotik, Alaia Martinek bertsoz deskribatu du koadroa: «Hor esku bat sumatu dut ur urdinetik edaten/ zipriztinak zazpi lurrak aireraino eramaten/ herri libre bat idatziz jende zoriontsu baten/ mendetan ikasi dugu jasaten, berriz jasaten/ baina ongi dakigunez guk nahi duguna esaten/ pausuka pausuka goaz gerorako gonbidapen/ utzi egin behar digute berez garena izaten/ erabaki behar dugu erabaki ez gaitzaten».
Emozioa, umorea, aldarria, itxaropena
Ekimenaren parte-hartzaileei eta ikusleei eskerrak eman dizkie Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak. «Egun garrantzitsua da gaurkoa, lau haizetara zabaltzen ari gara herri libre bat izan nahi dugula. Bideo batzuk aldez aurretik grabatuak dira. Besteak, berriz, gaur bertan osatzen ari gara, zuzenean, zuekin batera. Gure Esku hori ere badelako, elkarrekin egiten dugun bidea».
Emozioa dago bideoetan, umorea, aldarrikapena, itxaropena, irudimena eta determinazioa. «Euskal Herria dena, garena eta izan nahi duguna», Etxabururen hitzetan.
Bilbo euskaldun gehien dituen hiriari buruz, Euskarabenturako bizipen ahaztezinez, pikondoa irudi duen Legorretaz, Lautadako herritarrak AHTaren aurrean eraikitzen ari diren alternatibaz, Eibar harrera herriaz edota Gorbeia Suzien ekitaldi bereziaz gehiago jakiteko aukera eman dute bideoek.
13.00etan, Gasteizko Auzolana frontoian, bertze ikuskizun batez gozatu ahal izan da: Agustina Otaola raketistari buruzko ‘Gu, Agustina!’, Ereintza dantza taldeak egina, Jon Mayaren koreografia eta Maddalen Arzallusen bertsoekin.
18.00etan, Iruñean du hitzordua maratoiak, Nafarroako antzerki eskolan ‘Orreagatik Iragan Hurbilera’ herri antzerkia eskainiko du Segurako Historia Oroituz elkarteak.
Gure Eskuren abestiarekin amaituko dute maratoia.