Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileen greba astelehen honetan hasi da jarraipen zabalarekin, ELA, LAB eta ESK sindikatuen esanetan. Aste honetan hiru greba egun egingo dituzte eta datorren astelehenetik aurrera greba mugagabea izango da zuzendaritzak aurreikusi dituen bost kaleratzeak ekiditeko.
Ohar batean azaldu dutenez, egoitza Gureak enpresak kudeatzen du baina plazen %96a Diputazioarekin kontzertatuta dauzkate. «Irailean enpresak lan ordutegi eta egutegien proposamen bat medio, lan baldintzen aldaketa nabarmen bat proposatu zien. Bertan, 18 langileei euren lanaldian murrizketa bat ezartzeaz gain, bost langileren kaleratzea jasotzen zen», nabarmendu dute.
Gainera, ohartarazi dutenez, «langileen %36ak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak dituzte». «Egutegietan duten malgutasun eta erabateko disponibilitatea kontuan izanda, bizi baldintza txarrak izatea eragiten die langileei», gaineratu dute.
«Ostiralean enpresak aurkeztu zien kontsulta epe ondorengo azken txostenak ez du jaso langileen eskarietako bat bera ere, beraz, gaur lanean dauden langile guztiek %100eko kontratuak izan ditzatela, bost kaleratzeak ekidin eta egutegietan adostasuna izatea aldarrikatzen jarraituko dute», adierazi dute sindikatuek.
Hala, asteazkenean eta ostiralean manifestazioak izango dira, eta astearte eta ostegunean kotxe karabanak egingo dituzte.