Itziar Otegiren ‘Ezer ez dago utzi nuen lekuan’ ipuin liburuak eta Jon K. Sanchezen ‘Ez izan’ antzerki liburuak eskuratu zuten Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Saria, eta astelehen goiz honetan aurkeztu dituzte ondutako bi lanak.
Xabier Mendiguren eta Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak ere aurkezpenean izan dira. Otegiri, hasteko, ipuinaren generoaren inguruan galdetu dio Mendigurenek: «Bere laburrean karga handiko generoa da eta oso eraginkorra». Eta idazleak azaldu du «aniztasuna» dagoela ipuinetan, eta teknika ezberdinak erabili dituela kontakizunerako: «Kasu bakoitzean banuen istorio bat kontatzeko nahia, eta adierazkortasun handiena emango zidan teknika bilatu dut».
Ipuin guztiak batzen dituena sakonean dagoen gaia izan daitekeela kontatu du Otegik, identitatearen inguruko hausnarketa hain zuzen ere: «Identitatearen etengabeko errebisioa izan daiteke, pertsonaia gehienak daude momentu delikatu batean, bere buruarekiko arroztasun bat sentitzen dute. Arrotz ez izatearen nahia, hori gainditzeko eta zure buruarekin berriz bakean egoteko nahiak elkartzen ditu ipuinak».
Hainbat tokitan gertatzen dira ipuin hauek, Bidasoako mugan batzuk, Lesaka zein bortzirien inguruan, Hondarribian, Genevan… Otegik kontatu du berak ezagutzen dituen lekuetan kokatzen dituela narrazioak normalean, eta kasu honetan, baduela muga inguruko herriekin «harreman afektibo bat» edota Genevan bizi izanak ere eragin diola. Gainera, ipuinen eta lekuen arteko loturaz hausnarketa bat plazaratu du: «Leku ezberdinetan ipuin ezberdinak idatziko genituzkela uste dut, lekuak baduela eragina sortze prozesuan».
Identitatea aro digitalean
«Aro digital honetan identitatea bera zer da? Sakonean horri buruz hitz egiten du ‘Ez izan’ liburuak», azaldu du Mendizabalek. Eta identitateari lotuta, orain artean gizakiaren ezaugarria izan den hilkortasunaren inguruan haunsartzen du antzerki gidoiak, belaitoki bat eszenatokitzat hartuta.
K. Sachezek kontatu du heriotzaz hitz egiten duela liburuan, baina teknologia berriekin uztartuta; izan ere, bere ustez inflexio teknologiko batean gaude gaur egun: «Teknologia horiek eragiten dute gure bizitza ezberdina izatea, gure bizitzako hainbat gauza hiperespazio bidez lantzen ari dira, eta nire proposamena izan zen: eta heriotzarekin zer?».
Adimen artifizialarekin, esaterako, herritarren bizitza aldatzen ari dela uste du, eta baita heriotza ikusteko modua ere, «nor garen geroz eta gehiago da interneten dugun indentitate digital hori, guk interneten proiektatzen dugun izaera horrek azkenean izaera analogikoa jaten du», kontatu du K. Sancehezek.
Estiloari dagokionean, zinema klasikoko komedia hartu du eredutzat, eta horren bidez umorea eta ironia landu ditu lan osoan zehar. Teknologia berrien eta erritu edo sinesmen zaharren inguruko hausnarketa bat egiteko ere baliatu du aurkezpena: «Adimen Artifiziala garai bateko jainkoaren rola hartzen ari da, orojakilea da, erantzun guztiak dituen zerbait, ikutu ezin daitekeena… proiektatzen ditugu mitoetatik datozen gauza asko, internet arima digitala da».
Aldi berean, teknologiaren garapena eta hilezkortasuna lortzeko nahia ere lotu ditu idazleak, eta «sinesmen kontua» ere badela adierazi du: «Denok pentsatzen dugu internet etorkizunaren ezinbesteko elementua dela, guk dugun apustua da, baina sinesmena da hori ere».