Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Denborarekin jolasean

Gaurko zutabearen asmoa ez da, inondik inora, zuek zahar sentiaraztea, baina zoritxarrez uste dut hori dela lortuko dudana.

Denok dakizuen moduan, «denbora da poligrafo bakarra»; beraz, ez larritu. Hori bai, jarraian esango ditudanak irakurri aurretik eseri lasai, patxadaz. Ez zaitezte zutik egon, arren; konortea galtzeko arriskua duzue.

‘Pulp Fiction’, ‘Forrest Gump’, ‘Errege Lehoia’, ‘Ace Ventura’... Ziur nago film horiek, ezagutzeaz gain, sarritan ikusi dituzuela, ezta? Gogoan al duzue, ordea, izenburu horiek ikusi zenituzten lehen aldia edo, behintzat, non ikusi zenituzten? Beharbada zinema aretoan izan zen? Bideoklubetik hartutako VHSn agian? Plataforma digital batean akaso?

Tira, erantzuten duzuenaren arabera, adinarekin lotutako errealitate zaplazteko bat jasoko duzuela ohartarazten dizuet: film horiek guztiek 30 urte bete dituzte aurten. Ongi irakurri duzue, bai, 30.

Hortik aurrera norberak egin ditzala egin beharreko kalkuluak.  

Datu gehiago, arrapaladan: ‘Matilda’ filmeko protagonistak, Mara Elizabeth Wilsonek 37 urte bete ditu, ‘Titanic’-ek orain dela 20 urte irabazi zuen Oscar saria eta EITBk orain dela 30 urte hasi zuen ‘Goenkale’-ren emisioa.

Azkenburu gisa, 2050. urtea 1998. urtea bezain hurbil daukagula aipatu behar nizuen, baina datu horrek zinemarekin zerikusirik ez duenez, kasurik ez egin.