Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Outsider nor? Donald Trump ala Alexandria Ocasio-Cortez?

Hauteskundeetan boto emaile batzuek Donald Trump eta joera aurrerakoidun hautagai demokratak babestu zituzten aldi berean. Trump eta Ocasio-Cortez, New Yorkekoak eta ideia kontrajarriak dituztenak, outsider-tzat hartzen dituzte hautesle batzuek, statu quo-aren errefusaren seinale.

Alexandria Ocasio-Cortez eta Donald Trump.
Alexandria Ocasio-Cortez eta Donald Trump. (Win MCNAMEE-Andrew CABALLERO-REYNOLDS | AFP)

Bronxen zerbait aldatzen ari da. New Yorkeko konderriak komunitate beltz, latindar eta, oro har, demokrata indartsua du. Baina hauteskunde presidentzialetan Donald Trumpen aldeko babesa 2020an baino 11 puntu gehiago igo zen, %27ra iritsi arte. Aldi berean, Alexandria Ocasio-Cortez ezkerreko demokratak botoen %68,9 lortu zituen. Garaipenak politikaria Kongresura itzuli du eta laugarren legealdiz jarraian ordezkatuko du Ocasio-Cortezek 14. barrutia.

Emaitzek erakusten dutenez, zenbait boto emailek, aldi berean, Trump eskuin muturreko liderra eta joera aurrerakoia duen Ocasio-Cortez babestu zituzten, Queens eta Bronxen barne. Auzoa zapaldu zuen azken hautagai errepublikanoa  Ronald Reagan izan zen 1980an. Baina zerk eragin du aldaketa hori?

Joan den astean Ocasio-Cortezek galdera horri erantzun nahi izan zion, Instagram sare sozialeko jarraitzaileei bere eta Donald Trumpen arteko botoen banaketaren inguruko inkesta baten bidez, zientifikoa ez bada ere, adierazgarria izan daitekeena.

Anti-establishment-aren ikur

«Zuk aldaketa islatzen duzu. Trumpek aldaketa ekarri zuen», erantzun zion erabiltzaile batek Ocasio-Cortezi. «Biak outsiderrak zaretela sentitzen dut, eta ez hain establishment», beste batek. Azken aldian estatubatuar askok inkesta ezberdinetan islatu dute establishment politikoarekin duten frustrazioa, eta Ocasio-Cortez eta Trump alderdi bakoitzaren arau tradizionalei eta, batez ere, statu quo-ari aurre egiteko itxura ematen duten figurak dira.

Arrotz samarra egin zitzaion Alderdi Errepublikanoari Trumpen etorrera 2015ean. Sistemaren beraren barruan dagoen outsider bat dela uste dute askok. Ezarritako boterearen aurkako diskurtsoa gero eta erakargarriagoa da, erakunde tradizionalekiko mesfidantza gero eta handiagoa denean. Antipolitikarako politikari ezin hobea da Trump.

Ocasio-Cortez Ameriketako Sozialista Demokratak plataformako kidea da, demokraten adarrik progresistenaren ikur. Bere proposamen ausartak, etorkinen eskubideen defentsa, osasun sistema unibertsala edo armen kontrola, oasia dira AEBetako basamortu neoliberalean.

The economy, stupid

«Ekonomia da, ergela!», Bill Clintonen aholkularia izan zen James Carvilleren esaldia da, baina inoiz baino gehiago aplikatu da errepublikanoen azken garaipena azaltzeko. Joe Bidenen Administraziopeko zifra makroekonomikoak aldekoak ziren arren, inflazioak atsekabe nabarmena eragin du herritarren artean.

Horren atzean, ordena neoliberala, non elite ekonomikoak benetako onuradunak diren klase baxuen kaltetan. Trumpek ondoez hori aprobetxatu du, eta langile klasearen arazoei lehentasuna ematen dien hautagai gisa aurkeztu du bere burua, nahiz eta aberatsei zergak jaistea sustatu.

«Oso erraza da... Trump eta zu langile klaseaz arduratzen zarete», adierazi zion erabiltzaile batek Ocasio-Cortezi. Posta kodeak zure patua zehazten duen leku batean jaio zela adierazi du demokratak hainbatetan. Zerbitzaria eta hezitzailea izan da, eta ohikoak dira langileen eskubideak defendatzen dituen diskurtsoak. Kongresukideak Met Galan mezu aldarrikatzailearekin margotutako soineko bat jantzi zuen: «Tax de Rich».

Kanpo politika

Ocasio-Cortezen jarraitzaile batzuek Trumpen erretorika «antibelizista» estimatzen dute. Izan ere, estatubatuar askok uste dute AEBak diru eta ahalegin asko inbertitzen ari direla Errusiaren aurrean Ukrainari laguntzeko. Trumpek agindu zuen, Etxe Zurira itzuliz gero, gerra 24 ordutan amaituko dela. Urtarrilaren 20an abiatuko da agintaldi berri hori.

Ezer gutxi esan du, ordea, Gazari buruz. Hori bai, historiako kabinete sionistena izendatu du Trumpek. Ocasio-Cortezek, bestalde, Gazan su-etenaren aldeko jarrera izan du, baina Kamala Harrisen jarrera defendatu zuen kanpainan. Hala eta guztiz, komunitate arabiarraren parte baten babesa lortu du, baina baita Trumpek ere.

Benetakotasuna da gakoa

«Trump eta zu benetakoak zarete», idatzi zuen erabiltzaile batek, demokraten aholkulari batek “New York Post” egunkariari adierazitakoaren ildotik: «Trump benetakoa da; Harris laborategi batean hazi dela dirudi».

Hauteskundeek argi utzi dute, nahiz eta botoak ez handitu, Trumpen populartasunari esker bere hautesleria sendotu dela. Demokratek, ordea, botoen kolapso historikoa jasan berri dute, eta porrota baino zerbait gehiagori aurre egin behar diote: etsitako boto emaileak berriro erakarri. Ocasio-Cortezek gako batzuk eman ditu.