«Irribarreekin sendatzea» helburu duen Algaraklown elkarteak jasoko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Boluntariotza Saria, 2012tik ospitaleratutako haurren egonaldia esperientzia atsegin eta gizatiarrago bihurtzeko egiten duten lana aitortzeko.
Algaraklownek 2012an hasi zuen ibilbidea gaixorik dauden haurrekin eta ordutik, ospitaleko pailazoen proiektuarekin, umorea eta enpatia baliatzen ditu tresna gisa, umeei ongizatea eta laguntza emozionala emateko. Sari honekin, Gipuzkoako Aldundiak «lan sinbolikoaz harago joan nahi du, eta egoera zailetan dauden haurren bizi-kalitatea benetan hobetzen duen lanari merezi duen aitortza eman nahi dio», azaldu du ohar batean.
Sariak, Algaraklownen lana goraipatzeaz gain, boluntariotzaren aldeko apustua egitea du helburu, «Gipuzkoan aldaketaren eta elkartasunaren alde eginez».
Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du «ezinbestekoa» dela halako ekimenek «txikienen eta haien familien bizitzan duten eraginari balioa ematea». Azpimarratu du sari honek «boluntarioek Gipuzkoa kohesionatuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko duten gaitasuna» aitortzen duela.
Urtero bezala, gizarte erakundeek aukeratu dute sariduna. Aurtengo edizioan Aspanogi, SOS Arrazakeria, Ortzadar, AGI, Kera Elkartea, Kemen, Begisare, Aspace, Adinkide eta DYA Gipuzkoako ordezkariek osatu dute epaimahaia.
Saria emateko ekitaldia heldu den abenduaren 5ean izango da, 18.30ean, Foru Jauregiko Gunean aretoan.
12 pailazo eta 50 boluntario baino gehiago
Aldundiak gogoratu duenez, sortu zenetik Algaraklownek «umorez eta enpatiaz eraldatu du ospitaleko esperientzia». Fundatzaileetako batek, clown munduan urteak eman ondoren, beste herrialde batzuetan ospitaleko pailazoak zeudela jakin zuen, osasun zentroetan laguntza handia ematen zutenak eta hortik sortu zen ideia. Beste lankide batzuekin batera Madrilen formatu zen eta 2012an ekin zioten proiektuari, prestakuntza sakon baten ondoren. Ordutik, Algaraklownek «irribarreak eta lasaitasun emozionala ekarri dizkie ospitalean dauden haurrei, haien familiei eta osasun langileei».
Duela bi urte onura publikoko elkarte gisa aitortu zuen Lakuako Gobernuak.
Boluntariotza Saria duela 30 urte sortu zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta herrialdeko Hirugarren Sektore Sozialeko pertsonen eta erakundeen ahalegina eta konpromisoa omentzea du xede. Iaz Aspaceri egin zioten aitortza.