Azken bost urteetan Iurretako hizkuntzaren eta literaturaren historia lokala errekuperatu nahian batu dira hamaika bolondres eta imajinatzen zutena baino altxor handiagoa aurkitu dute: Abesti zaharrak, ipuin miresgarriak, gerraurreko prentsako kronika lokalak, XX. mendeko ahozko testigantzak eta idazle ezezagunen testuak... Joseba Sarrionandiak eta Xabier Bovedak lantaldea koordinatu eta lanaren emaitza liburu batera ekarri dute: ‘Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak’.
Asteazken honetan egin dute aurkezpena, lehenengo Iurretan bertan eta gero Bilboko Kafe Antzokian. Liburuaren koordinatzaileek Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko ordezkariarekin proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Liburuan zehar ikusi daitekeen bezala, Iurretako paisaia literarioarentzat esanguratsuak diren gai, pertsonai eta testuak jasotzen dira. Edozein euskaldunek irakurtzeko moduko liburua da, baina interes berezia du Iurreta zein ingurukoentzat.
Memoria literarioaren garrantziaz mintzatu da Majuelo: «Orain asko hitz egiten da memoria historikoaz. Baina memoria historikoak baditu bere ertzak eta bere begirada eta ikuspegi ezberdinak, eta memoria literarioa, askotan aipatzen ez den arren, ez da gutxiestekoa».
Lehenengo atala Iurretako leku-izenei dago eskainia: Apaskola, Arripausueta, Asmokil, Beresigana, Gallanda, Laminosteta, Lukuarrate, Montoia, Oromiño... eta beste hainbat toponimoren jatorria azaltzen da.
Bigarrenean abestiak, koplak eta errezitatuak biltzen dira. «Herri kantaria da gurea. Kantatu dira edonondik heldutako abestiak, eta bertako batzuk ere zabaldu dira edonora. Gehienetan ez dakigu nork egin duen kanta, letra igual ez dugu zehazki gogoratzen eta, letra ezpainetara etorrita ere, agian ez dakigu oso argi zer ari garen esaten. Baina lagunartean abesten dugunez gero, besteek beteko dituzte bakoitzaren hutsuneak, eta azkenean, herri-kanten zentzua herritasunean dago: herritarrek elkarrekin abesteak du zentzua», dio liburuak.
Hirugarrenean ipuin zaharrak bildu dituzte: ‘Txotxuek’, ‘Anima penatue’, ‘Zantzuek laixiarren’, ‘Ogi bedeinkatue, ‘Peru ta Maridxe’...
Azkenik, liburuaren atal nagusian, Iurretan euskaraz idatzitako hainbat testu aurkezten dira, hainbat gai jorratuz: Gerra, frankismoa, pilotaren mundua, euskal jaiak, bertso giroa, ikastola...
Sarrionandiak azaldu duenez, liburua antologia bat da. Proiektua hasi zenetik, beste hainbat testu aurkitu dituzte, baina ezinezkoa da guztiak liburu batean biltzea. «Kontua ez da Iurretan ez dela idatzi, baizik eta orain artean ez dela batu», nabarmendu du Bovedak. 120 argazki eta irudiz osatuta dago liburua.
Charif Aomar Omar, afrikar iparraldeko gurasoak dituen ume iurretarrak 2015ean zortzi urte zituela idatzitako istorioak eman dio izena liburuari: ‘Sator hegalariak’. «Hegan egin nahi zuen satorraren metafora politagaz borobildu dugu liburua», adierazi du Sarrionandiak.
Herri txikia, baina istorioz betea
Durangaldeko herri txikia da Iurreta. 1877an baserri giroan bizi ziren1352 biztanle zituen eta 1920an 1798. Hain txikia zen ze, 1926-1990 bitartean desagertu egin zen mapa politikoetatik. Baina 1950eko hamarkadan, Ibaizabal errekaren erriberetan fabrikak kokatzen hasi ziren, burdina, papergintza eta makina-erreminta sektorekoak batez ere, eta, industrializazioarekin, hiri txiki bat hazi zen herriaren barruan. 1991n, udalerrien mapetan berriz agertu zenean, Iurretak 4901 biztanle zituen. 2023an, 3738 zituen.
Herri txiki-txikia orduan, baina hizkerari eta kulturari eutsi diena, eta kofradiei, eta politizazioari, eta beste gauza askori, bizimodu modernoan sarturik ere, eta globalizazioa saihestu gabe. Hortxe jaio da liburu hau, XIX. mendetik egunok arte Iurretan euskaraz idatzitako gauzak biltzen dituena.