‘Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak’, Elsa Moranteren klasikoa, euskaraz ezagutu dezakegu aurrerantzean EIZIE, Lakuako Kultura Saila eta Erein eta Igela argitaletxeei esker. Bildumako 190. liburua da, XX. mendeko idazle italiarrik arrakastatsuenetako batena, oraindik bizirik dagoena eta jendeak irakurtzen duena. Donostian aurkeztu dute ostiral honetan.
Inazio Mujika editoreak nabarmendu duenez, Morante euskaraz irakurtzeko lehen aukera da hau. Azaldu duenez, 1912an jaio eta 1985ean hil zen egileak «idazkera poetikoa du, sentsuala, iradokitzailea, edertasuna eta sakontasun psikologikoa uztartzen dituena», eta Koldo Biguri itzultzailearen meritua da hori euskal irakurleari transmititzea.
‘Arturoren uhartea’ eleberri ahaztezina da, irakurlea murgilarazten du Arturo nerabearen bizitzan eta emozioen esnatzean, bidaia batean bezala. «Literatura onean ohi den bezala, inoiz ez du bukatzen esan behar duen guztia, beti egongo da gauzak esaten».
Aro baten bukaeran
Fernando Rey Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteko (EIZIE) lehendakariak literatura unibertsalaren bilduma honen garrantzia azpimarratu du. «Gure elkarteak itzulpen literarioaren bidez lagundu nahi du euskararen normalizazioan, eta pozik eta harro gaude proiektu honetaz. Kalitate handiko itzulpenak argitaratzen dira eta profesionalki aukera ona da itzultzaileentzat. Eskola ere bihurtu da».
Aro baten bukaeran daudela erantsi du. «200. zenbakira hurbiltzen ari gara eta tokatuko da aztertzea nola ekin beste fase bati».
Biguriri buruz, erran du eskarmentu handiko itzultzailea dela. EHUko irakaslea da, euskaltzain urgazlea, EIZIEn lan aunitz egina (lehendakaria izan zen, eta ‘Senez’ aldizkariko zuzendaria), liburu ugari ditu haur eta gazte literaturakoak, interprete lanean ere trebea da, baina italieratik egindako itzulpen literarioetan nabarmendu da gehienbat. «Asko eta ongi itzuli du italieratik. Eta hauxe du bere azken alea».
Procida uhartearekin lotura pertsonala
Bigurik adierazi du ilusio handia egin ziola liburu honen itzulpenaren enkargua jasotzeak, lotura pertsonal handia duelako Arturoren uhartearekin: Procidarekin. «Napoliko golkoko hiru uharteen artean txikiena da, horregatik ez da hain bisitatua. Europako Kultur hiriburu izan zen berriki, zoragarri polita da. Nik bertan pasatu ditut denboraldi luze samarrak; itzulpenak egiten, hain zuzen ere. Aspaldi bazen han itzultzaileentzat etxe bat, Europan ireki zen lehenengoetariko bat izan zen. Bilduma honetarako itzuli ditudan liburu gehienak bertan egin ditut».
Oroitzen du toki guztietan zeudela presente Morante eta Arturo, ez bertan bakarrik; liburua 1957an argitaratu bazen ere hagitz bizirik dago oraindik Italian. Jendeak irakurri egiten du, eskoletan baliatzen dute, makina bat youtuber aritzen da liburu honetaz solasean. Idazlearen bertze klasiko bat, ‘La storia’, 560 orrialde dituen ‘Arturoren uhartea’ baino bi aldiz handiagoa, bigarren aldiz eraman dute pantailara eta «telesail zoragarri bat» egin dute, itzultzaileak baieztatu duenez.
Lekua ezagutzeak abantailatxo bat eman diola agertu du: deskribapenetan eta elementu txikietan lagundu dio.
Kultur giroaren erdi-erdian
Morante XX. mendeko idazle handienetako bat izan zen. Mende erdialdetik 1980 bitarteko giro literarioaren erdi-erdian zegoen. «Oso gaztetatik zeukan idazteko grina. Bere familia ez zen bereziki kultua edo elitekoa, baina Alberto Moraviarekin ezkondu zen eta haren bidez sartu zen giro horretan. Nobel sarirako hainbat aldiz izendatua izan zen senarra eta horrek ez zion Moranteri askorik lagunduko. Baina bere ametsen alde sekulako borrokak egiten zituen. Musika eta literaturako izen nagusi guztiak ezagutzen zituen bertatik bertara. Passolini, adibidez, oso adiskidea zuen», kontatu du Bigurik.
Hagitz literatura pertsonala egiten du Morantek, gehienbat familia baten barneko istorioak kontatuz. Liburu honetan ere familia desegituratu bat ageri da, amaren aldetik umezurtza da Arturo, aita bizi du baina denbora aunitz ematen du uhartetik kanpo eta 14 urte inguruko mutikoa bakardadean bizi da, nahiko era basatian. Ez doa eskolara baina erruz irakurtzen du.
«Garaian askori ez zitzaien iruditzen literatura oso engaiatua zela, izenik handienak neoerrealismotik hurbil zebiltzan, gerra garaiko historiak pil-pilean zeuden, eta hara non atera zen emakume bat literatura egitera. Hori ere sufritu izan zuen bere bizitzan. Baina arrakasta ere eduki zuen, irakurleen eta kritiken aldetik bere liburu guztiek izan zuten arrakasta handia. Italiako sari nagusia, Strega Saria, irabazi zuen liburu honek. Eta ehun mila ale atera zituzten ‘La storia’-ren lehen tiradan. Beti izango da hilezkorra eta ahaztezina».
Haurtzaroari buruzko gogoeta
Liburua haurtzaroari buruzko gogoeta bat da. Arturo heldu batek bere haurtzaroa kontatzen du 16-17 urte dituen arte, gero desagertu egiten da eta ez dakigu gehiago berari buruz. «Oso mutiko zoriontsua da. Paradisu batean bizi da, uhartea da bere haurtzaroaren irudi metaforikoa. Baina denbora ez da alferrik pasatzen eta nerabe handiago egiten denean konturatzen da heldu bizitza ez dela askotan festa bat, trago mingots asko irentsi beharra dagoela. Aitari buruz irudi ikaragarri idealizatua zeukan eta bere eta beste figura batzuen erorketa gertatzen da haurtzaroaren paradisuaren galera horretan».
Bigurik aitortu du itzulpena ez dela erraza izan. «Italiako garai horretako literaturan oso hizkera kultua erabiltzen da. Oso testu landuak dira, luzeak ere bai, gramatikalki konplexu samarrak, oso aberatsak lexiko aldetik. Horregatik, asko kostatu zait. Asko pentsatu dut. Bi urte nituen eta justu-justu ibili naiz bukatzeko».
Bertzalde, irakurtzeko goxoa ere bada. «Ez da hamar minutuko irakurraldiak egiteko liburu bat, sofan ondo eseri eta irakurketaz denbora batean gozatzeko da. Deskribapenez, istorioez, barne gogoetez. Zer pentsatua ere ematen digu geure bizitzari buruz. Geure buruaz ere hitz egiten digu, literatura onak egiten duen bezala».
Bere uhartea ere bada itzultzailearentzat eta bere oroitzak ere sartuta daude liburu honetan. «Urte asko dira Procidara agertu gabe. Beldurra ematen dit zoriontsu izan garen lekuetara itzultzeak, egileari bezala. Ez dakit itzuliko naizen».