Jakak eta Imazek osatutako bikotea Peña II.a eta Albisuri gailendu zaizkie Basauriko Artunduaga udal pilotalekuan. Hasieran Jaka eta Imaz 8-0 aurreratu dira. Lehen tantoetan Jaka eroso aritu da, bi paretaz eta gantxoz egindako zenbait tanto eder eskainiz.
Urdinak, partikularki Albisu, jokoan sartu dira eta hurrengo tantoetan bi bikoteak berdinduago egon dira. Peñak eta Albisuk ekimena eskuratzea lortu dute eta jarraian bost tanto egin dituzte, gorriengandik bi tantotara kokatuz. Markagailuan 14-12koa zegoela, partidako tantorik luzeenetarikoan, urdinen ratxa amaitu da Peña II.ak huts egindako gantxo batekin. Hortik aurrera, gorriek berriz jokoa berreskuratu dute eta, partida hasieran baino berdinduago egon badira ere, Jakak eta Imazek haien abantaila mantendu eta handitzen asmatu dute.
Lau jokalariek akats ugari egin dituzte. Jakak inspirazio handiko tantoak egin ditu. Imaz ere ongi aritu da, baina zenbait akats egin ditu, besteak beste, ezkerrarekin bueltatu beharreko bi tantotan eskuinarekin ematen saiatzeagatik. Albisu ongi aritu da eta Peña II.a izan da lauren artean maila eskasena eman duena.
PARTIDAKO FITXA:
Jaka-Imaz: 22
Peña II-Albisu: 16
Pilotakadak: 442. Iraupena: 58:03. Markagailua: 8-0, 8-2, 9-2, 9-4, 12-4, 12-5, 13-5, 13-6, 14-6, 14-7, 14-12, 15-12, 15-13, 17-13, 17-14, 20-14, 20-16 eta 22-16. Sakez egindako tantoak: Jakak egindako 2 eta Peña II.ak egindako beste bi. Jokoan egindako tantoak: Jakak 8, Imazek 0, Peña II.ak 3 eta Albisu III.ak 3. Galdutakoak: Jakak 5, Imazek 7, Peña II.ak 7 eta Albisuk 7. Gertakariak: Binakako Txapelketako lehenengo jardunaldiko azken partidua izan da Jaka-Imaz eta Peña II-Albisuren artekoa, Basauriko udal pilotaleku berrian. Sakea gorriena izan da.